Ekintza eta ekitaldiz josirik dator Debako udaberriko kultur programa

2024ko apirilaren 30aEkintza eta ekitaldiz josirik dator Debako udaberriko kultur programa

Zinema, capoeira topaketa, Debarren eguna, antzerki astea, haur margo lehiaketa, Debadaba jaialdia, haurrentzako uraren parkea, Geurera ikuskizuna eta beste hainbat ekintzek osatzen dute maiatza eta ekaina bitarteko kultur programa.

Kulturak ez du etenik izango udaberri honetan Deban, adin guztiei zuzendutako ekintza eta ekitaldiz josiriko kultur programa antolatu baitu Udalak, herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean.

Hori horrela, haur, gazte zein helduentzako eskaintza zabala egongo da maiatza eta ekaina bitartean, herritarren zein herrira bisitan etortzen direnek kulturaz goza dezaten Deban.

Zinemak emango dio hasiera maiatzeko kultur programari. Hilaren 5ean, esaterako, ‘Almas en pena en Inisherin’ zine emanaldia eskainiko da Kultur Elkartean eta ‘O Corno’, ‘El maestro que prometió el mar’ edo ‘Till, el crimen que lo cambio todo’ filmek emango diote jarraipena hilaren 12an, 19an eta 26an, hurrenez-hurren. Zinema eskaintzak jarraipena izango du baita ere ekainean, ‘Un amor’, ‘Al descubierto’, ‘Las dos caras de la justicia’ eta ‘Saben aquell’ bezalako filmekin. Zinema saio guztiak 19:00etan izango dira Kultur Elkartean.

Eta Kultur Elkarteari helduta, bazkidearen eguna eta Ostolaza sariak ere ospatuko dira maiatzaren 11n, hain zuzen. Hileko ostegunak, halaber, ‘Baso bete zientzia’ ekimenaren baitan antolatutako hitzaldiek beteko dituzte. Horrez gain, haur margo lehiaketa, Bastiñuixan ekimena, antzerki astea edota Capoeira topaketa ere egingo dira maiatzean.

Debarren Eguna

Herriko festak maiatzean izango dute hitzordua, maiatzaren 18 eta 19ko asteburuan, alegia. Debako Udala ekintza egitarau anitz bezain aberatsa antolatzen ari da ordurako eta horren berri emango du datozen egunotan.

Musika, kirola eta dantza nagusi ekainean

Musika doinuek alaituko dute ekaina Deban, Pelax+Bidelapurrak taldeen kontzertuarekin hasita, hilaren 7an. Festak jarraipena izango du datozen bi egunotan, ekainaren 8an eta 9an, alegia, Debadaba festaren ospakizunarekin. Azken hau, surfaren bueltan antolatutako ekimena da eta helburu du surfaren eta herritarren arteko topagunea izatea.

Bi ekintza horiez haratago, Kulunka dantza jaialdia ere ospatuko da ekainaren 15ean eta Geurera ikuskizuna, hilaren 22an, biak, 22:00etan Aldats pilotalekuan. Azken emanaldi horretan, hiru dantzarik eskainitako koreografiak naturaren, poesiaren, dantzaren eta bideo mapping-aren arteko elkarrizketa planteatuko du, Juantxo Zeberioren musikak, Toti Martinez de Lezearen bertsoek eta Paco Gramajeren proiekzio animatuek aberastuta.

Haurrentzako ekitaldi nagusia uraren parkea izango da, ekainaren 21ean, Simon Berasaluze plazan, arratsaldez. Egun berean, halaber, Musika Eskolako ikasleek ikasturte amaierako kontzertua ere eskainiko da, kiosko aurrean. Eta urtero legez, San Juanen ospakizunak emango diote amaiera ekaineko kultur programari; San Juan sua, lehenbizi, hilaren 23an, 22:00etan Foruen plazan eta San Pedro Xahagi erretzea, 28an, 22:00etan Plaza zaharrean.