XLVII. Kaleko margo sariketarako oinarriak argitaratu ditu Debako Udalak

2016ko abuztuaren 31aXLVII. Kaleko margo sariketarako oinarriak argitaratu ditu Debako Udalak

Urtero bezalaxe, iraileko bigarren larunbatean, kaleko margo sariketa ospatuko da Deban. Cárdenas fundazioaren eta Haitz-haundi margo elkartearen laguntzarekin antolatu du aurten Udalak lehiaketa honen XLVII. edizioa.

Irailaren 10ean ospatuko da aurten XLVII. Kale margo sariketa eta Debako Udalak argitaratu ditu dagoeneko lehiaketarako oinarriak. Hitzordu hau 16 urtetik gorako margolariei zuzenduta dago eta goizeko 9etan hasita, bi orduz Agirre Jauregiko erakusketa gelan margo ohialei zigilua jartzeko aukera izango dute partehartzaileek. Lanak eguerdiko 14ak baino lehen entregatu beharko dira toki berean. Hauek Debako inguruetako agiriko tokietan beteko dira, gaia eta teknika libreak izanik.

Epaimahaiaren erabakia arratsaldeko 18etan jakingo da eta ondoren sari banaketa egingo da Agirre Jauregiko erakusketa aretoan. Guztira, lehiaketak 2.500 € banatuko ditu 8 saritan; horietatik lau Debako Udalak emango ditu eta gainontzekoak, berriz, Cárdenas fundazioak.

Sariketaren irabazleak 600 euroko saria jasoko du; bigarrenak 450 € eta hirugarrenak 300 €. Hiru sari hauei herriko saritu gabeko lehen klasifikatuaren 200 euroko saria gehitu behar zaio Udaletxeak emango dituenen artean.

Cárdenas fundazioak eskainitako sari berezien artean daude 300 euroko “María Esperanza Chávarri” akuarela saria eta 150 euroko “Marqués de Prado Ameno” saria; azken hau 21 urtetik beherakoei zuzendua. “Blanca Vilallonga” sariak itsasoa gaitzat duen lanik onena sarituko du 300 eurorekin. Hori guztia gutxi balitz, laugarren klasifikatuak ere 200 euroko saria eramango du etxera.

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai egongo dira hurrengo astean zehar Agirre Jauregiko erakusketa aretoan.

Lehiaketako oinarriak hemen deskarga ditzakezu.