Deba eta Mutriku lotzen dituen oinezkoen pasealekua amaitu daGipuzkoako Foru Aldundiak Mutrikuko Ondarbeltz hondartzaren eta Debako zubiaren arteko oinezkoentzako pasealekua eraikitzeko obrak amaitu ditu. Horrela, jendeak kostaldeko bi herrien arteko sei kilometroak oinez egin ahal izango ditu, galtzadan ibili beharrik izan gabe.https://www.deba.eus/api/eu/aktualitatea/albisteak/deba-eta-mutriku-eta-deba-lotzen-dituen-oinezkoen-pasealekua-amaitu-dahttps://www.deba.eus/api/eu/aktualitatea/albisteak/deba-eta-mutriku-eta-deba-lotzen-dituen-oinezkoen-pasealekua-amaitu-da/@@download/image/Ondarbeltz-Urazamendi.jpg
Deba eta Mutriku lotzen dituen oinezkoen pasealekua amaitu da
Gipuzkoako Foru Aldundiak Mutrikuko Ondarbeltz hondartzaren eta Debako zubiaren arteko oinezkoentzako pasealekua eraikitzeko obrak amaitu ditu. Horrela, jendeak kostaldeko bi herrien arteko sei kilometroak oinez egin ahal izango ditu, galtzadan ibili beharrik izan gabe.
Markel Olano diputatu nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, Gilen Garcia Debako alkateak eta Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak lagunduta, bi udalerrien arteko pasealekua osatzeko falta zen zatian egon dira asteon.
Aldundiak esan duenez, bide zati horren segurtasun orokorra nabarmen hobetu da, aurrerantzean oinezkoek ez baitute galtzadan ibili beharrik izango. Gainera, errepidearen bi ertzen arteko bidegurutzea antolatu eta erregulatu da, bi herrien arteko komunikazioa hobetuz.
2020ko udaberrian, GI-638 errepidearen hobekuntza eta Ondarbeltz hondartzako aparkalekuaren eta Mutrikuko hirigunearen arteko oinezkoen pasealekua jendearentzako ireki zirenean, jarduketa eremutik kanpo geratu zen orain amaitu den zatia. Horren ondorioz, Deba eta Ondarbeltz arteko pasealekua erabili nahi zuten herritarrek 200 metro inguruko tartea egin behar zuten errepidetik, Urazamendi auzoaren eta Ondarbeltz hondartzaren artean, eta horrek arrisku handiko egoerak eragiten zituen, bai oinezkoak harrapatzeko, bai ibilgailuen artean istripuak izateko.
Oinezkoentzako pasealekua 2 metro zabal da, eta hormigoizko harri-lubetazko eustorma baten gainean eraikita dago. Horma horrek 200 metroko luzera du, eta altuera ia aldaketarik gabea, 3,3 metro da gehienekoa. Horma horretan sartuta, Ondarbeltzeko kantinako eta Gure Estalpe finkako hondakin urak biltzen dituen saneamendu kolektorea eraiki da, eta, horrela, erabat desagertu dira Debako itsasadarrera egiten ziren ur beltzen isurketak.
Azken zati honetako obrak 400.000 eurotik gorako aurrekontua izan du, eta gauzatzeko epea 5 hilabetekoa izan da.