Garapenerako Lankidetzaren astea da hau Deban. Atzo, urriak 14, Kultur Elkartean egindako ekitaldian aurkeztu ziren 2019an eta 2020an debarren laguntzari esker gauzatu diren proiektuak. 2020an, osasun egoeragatik ezin izan zen aurkezpenik egin, hortaz, oraingoan aurreko bi urtetakoen aurkezpena egin da.
Urriaren 19a Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna da. Minbizi mota hori da emakumeengan eragin handiena duena. Gaian adituek diotenez, prebentzio lana ezinbestekoa da, eta gaia sozializatzea beharrezkoa da. Mundu mailako egunek horretarako aukera ematen dute, eta baita gaiari lotuta lanean ari diren elkarteen lanari aitortza egiteko. Horrekin bat eginez, gaiaren ikur den xingola larrosa jarri du Debako Udalak udaletxeko balkoian.
Urriaren 23an, 20:00etan Santa Maria elizan emango dute kontzertua Santiago Banda eta Ana B. Garciak. Urriaren 2rako programatuta zegoen saioa da larunbatean egingo dena, Flysch Organoaren Nazioarteko VI. Zikloaren barruan. Gonbidapenak turismo bulegoan daude eskuragai.
Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute urriaren 20an UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabankek eta Bankoa ABANCAk, udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera. Gilen Garcia alkateak sinatu du hitzarmena Debako Udalaren izenean Bergaran egin den ekitaldian.
Urriaren 27an hasiko dira martxan Irakurketa Klubean programatuta dauden saioak. Uxue Alberdiren Dendaostekoak (Susa, 2020) liburuarekin hasiko dira. Dinamizatzailea Asier Serrano izango da. Orain hasi eta urte amaitu bitarte 4 saio egingo dira. Azaroaren 15ean izango da bigarrena. Olga Tokarczuk Siruelaren Sobre los huesos de los muertos (2016) liburua proposatzen da ordurako. Dinamizatzailea Ainhoa Aldazabal izango da.
Gure lurra, nekazaritza, ekoizpena, gastronomiaz gehiago jakiteko modu berezia eskaini nahi digu “Getariako Txakolina” elkarteak. Hori dena bertsolaritzari lotuta, hain zuzen ere, Getariako Txakolinari buruzko bertso saio tematikoa egingo dute.
Dagigun partaidetza gunearen lanketan jarraitzen dute Debako Udalak eta herriko eragileek Bartzelonako arkitekto Itziar Gonzalez Virosen gidaritzapean. Azaroaren 4an, 11n eta 18an arlokako mahai-inguruekin ekingo zaio urte amaiera arteko dinamikari.
Joan den astean egindako lanekin San Roke baserri bidea konpondu da. 2019-2023 Gobernu Planean, baserri bideen konponketan sakonduko zela zehaztu zen. Arreta jarriz landa eremurako bideetan, erabiltzaileek izan ditzaten bide duinak eta seguruak ez soilik herriguneetan. 2021erako San Roke bidea eta Santa Katalinako bidea aurreikusi dira aurrekontuetan.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak “Karst jaialdia: harria eta herria” izenburua duen ekitaldia egingo du Debako Zumardian, datorren larunbatean, azaroaren 6an. Hitzaldiak, harri-jasotzaile eta harri-zulatzaile erakustaldia, Merkatu Txikia, irteerak eta bestelako jarduerak antolatu dira, goizez eta arratsaldez.
Urriaren 28an egin du Debako udalbatzak ohiko osoko bilkura. Besteak beste, udalerriko soropilak, lorategiak, zuhaitzak eta berdeguneak mantentzeko zerbitzua kontratatzeko oinarriak adostu ditu, aho batez. Aspaldi lantzeke zegoen gaia da, eta orain onartutako oinarri hauekin zehazten da zer nolako jarraipen eta mantenua egin behar zaizkien aipatutako guneei.
60 urtetik gorako herritarrei gutuna bidaliko zaie datorren aste hasieran osasun kognitiboa lantzeko programaren berri eman eta abenduan abiatuko diren saioetan izena eman dezaten gonbidatuz. 'ExerCita' programaren helburu nagusia herritarrei gaitasun kognitiboak sustatzen eta zaintzen laguntzea da, egunerokotasunean ohitura kognitibo onak hartzen laguntzeko.
Hilerri zaharrean igaroko den azken azaroaren 1a izango da aurtengoa, itxi egingo baita. Abenduan hasiko da hilerri berrirako lekualdatzea, eta hortaz Amillaga husten. Lekualdatzeari lotutako gaiei buruz hitz egiteko zerbitzua egongo da.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute. Euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzea izango da bekaren helburua. Guztira 23.000 euro jasoko ditu irabazleak eta antzezlana 2022ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko dute. Antzezlana sortzeko Dinamoa sormen gunea erabiltzeko aukera izango du saritutako taldeak. Antzezlanaren estreinuaz gain, bekaren antolatzaileak, gutxienez beste hamar emanaldi lotuko dituzte. Egitasmoak jasotzeko epea irekita dago azaroaren 15era arte.
2021.eko azaroaren 1etik abenduaren 10 arteko epealdian, biak barne, Ibiak edo pasabideen gaineko zerga dagozkion erreziboen borondatezko ordainaldia izango dela jakinarazten da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Debako Udalarekin eta Itziarko Auzo Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren barruan, saio praktiko bana antolatu dute Itziarren (azaroaren 11n) eta Deban (azaroaren 17an). Etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko saio praktikoa izango da Itziarkoa. Debakoa, berriz, erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko saio praktikoa.
Kulturaz hitz egiten abiatu ditugu Dagigun partaidetza gunearen barruan egingo ditugun mahai-inguruak. Azpeitiko Kulturaz Kultur kooperatibako Aitor Bengoetxeak haien esperientziaren berri eman du, eta erakutsi proiektuak gauzatzea posible dela. Kultur Elkarteko Lourdes Gonzalezek eta Alex Turrilasek atzera begiratu eta aurrera egiteko erronkaz aritu dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Debako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendioak ezagutzera emateko tailerra antolatu du, azaroaren 17an, 18:00etan, Kultur Elkartean.
Dagigun partaidetzarako gunearen barruan mahai-inguruak egiten ari gara azken asteotan. Atzo, azaroak 11, Debako arkitekto aholkulari Saioa Zuazubiskar, Debegesako Hirigintza eta Birgaitze arloaren arduradun Esther Zarrabeitia eta Donostiako Arkitektura Eskolako irakasle Ula Iruretagoiena zaintzaren hirigintza eta hirigintzaren erronkak gaia hartuta aritu ziren mahaiaren bueltan. Itziar Gonzalez arkitektoa, eta Dagigun partaidetza gunearen dinamizatzailea ere batu zitzaien Bartzelonatik.
2022a hastearekin batera, egokitzapena behar duten umeentzako eskola kirola jarriko da martxan bost herritan. Aizarnazabalen astelehenean egindako agerraldian aurkeztu da ekimena. Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak ekimenean parte hartuko dute Aizarnazabalgo, Zestoako, eta Zumaiako udalekin batera. Agerraldian horietako ordezkariekin egon dira Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak.
Azaroaren 22tik abenduaren 5era bitarte haurren zuzeneko heldu erreferenteek, (guraso, hezitzaile, senide, lagun...) beraien arteko, hau da, helduen arteko, hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena gauzatuko da, Euskaldunon Topaguneak antolatuta. Deban Apakin guraso elkarteak sustatuko du ekimena.