Eneko Aizpurua, XIII. Tene Mujika Sariaren irabazleaBidasoan gora egindako bidaia baten kontakizunari esker irabazi du Eneko Aizpurua lazkaotarrak aurtengo Tene Mujika Beka. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak hamahirugarrenez antolatu dute Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez fikziozko proiektuak saritzen dituen beka. https://www.deba.eus/api/eu/aktualitatea/albisteak/eneko-aizpuruak-irabazi-du-tene-mujika-sariahttps://www.deba.eus/api/eu/aktualitatea/albisteak/eneko-aizpuruak-irabazi-du-tene-mujika-saria/@@download/image/indizea.jpg
Eneko Aizpurua, XIII. Tene Mujika Sariaren irabazlea
Bidasoan gora egindako bidaia baten kontakizunari esker irabazi du Eneko Aizpurua lazkaotarrak aurtengo Tene Mujika Beka. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak hamahirugarrenez antolatu dute Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez fikziozko proiektuak saritzen dituen beka.
Eneko Aizpurua idazle lazkaotarrak irabazi du 2019ko Tene Mujika beka, Bidasoa ibaian gora egindako bidaia baten harira memoria kolektiboan lekua duten edo izan behar luketen hainbat istorio kontatzeko proiektu batekin.
Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek.
Aurten aurkeztutako proiektuen artean, Aizpuruarena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du lazkaotarrak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.
Bidasoa pasabide naturala da, baina baita bi estatu bereizten dituen muga ere, eta horrek esanahi berezia eman dio historian zehar, era askotako gertakarien lekuko eta kokaleku bihurtu baita. Horietako hainbat gogoratuko ditu egileak, oinez hainbat egunez egindako ibilbidean barrena. Adibidez, Guardia Zibilak Intxaurrondoko kuartelean heriotzaraino torturaturiko Mikel Zabalzaren gorpua Endarlatsan agertu zenekoa, edo handik zenbait urtetara ETAk paraje berean Eduardo Lopez polizia bonba batez hil zuenekoa; frankismo garaian pertsonen muga-igaroleku ilegal eta arriskutsua izan zen, eta ahalegin horretan bertako uretan itota hil omen ziren ehunka lagun, gehienak portugaldarrak; Pio Barojak eta Aitzolek gerra zibilaren hasieran Beratik Lesakara bidean topo egin zutenekoa kontatuko da, baita gerra zibil horrexetan inguru horretan gertatu ziren fusilamendu ugariak ere, edo gerraostean esklabo behartuek egindako herri-lanak oroitu, beste gai askoren artean.
Eneko Aizpurua Lazkaon sortu zen 1976an. Zuzenbidea ikasi zuen, eta gaur egun itzultzailea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Orain arte hiru nobela kaleratu ditu, genero beltzekoak gehienbat: Errauts (2011), Herensuge gorriaren urtea (2013) eta Lehertu da festa (2016). Horrez gain, itzulpen literarioak kaleratu ditu, bidaia-erreportajeak idatzi...