"Atlantic Geoparks" europar proiektuko laugarren koordinazio batzarra egin zen atzo Euskal Kostaldeko GeoparkeanProiektuaren bazkide diren erakunde guztietako ordezkariak, bost herrialde ezberdinetako 20 bat lagun, Euskal Kostaldeko Geoparkean elkartu ziren atzo. https://www.deba.eus/api/eu/aktualitatea/albisteak/atlantic-geoparks-europar-proiektuko-laugarren-koordinazio-batzarra-egin-da-gaur-euskal-kostaldeko-geoparkeanhttps://www.deba.eus/api/eu/aktualitatea/albisteak/atlantic-geoparks-europar-proiektuko-laugarren-koordinazio-batzarra-egin-da-gaur-euskal-kostaldeko-geoparkean/@@download/image/Interreg_Geoparkea.JPG
"Atlantic Geoparks" europar proiektuko laugarren koordinazio batzarra egin zen atzo Euskal Kostaldeko Geoparkean
Proiektuaren bazkide diren erakunde guztietako ordezkariak, bost herrialde ezberdinetako 20 bat lagun, Euskal Kostaldeko Geoparkean elkartu ziren atzo.
Asteazkenean hasi eta atzo amaitu zen Atlantic Geoparks europar proiektuko laugarren koordinazio batzarra, Euskal Kostaldeko Geoparkean. Hain zuzen ere, Geoparkea da proiektu honetako kideetako bat.
Batzarrean proiektuaren bazkide diren 12 erakundeetako ordezkariek parte hartu zuten, 20 bat lagunek. Bileraren helburua izan zen proiektuaren baitan egiten ari diren jardueren jarraipena egitea eta datozen hilabeteetara begira egingo diren ekintzak zehaztea.
Lehendabiziko saioa asteazkenean egin zuten Kantabrian, Limpias herriko paradorean, Kantabriako Udalerri Iraunkorren Mankomunitateak antolatuta. Atzo, berriz, hilak 22, proiektuaren bazkideak Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean batu ziren (Debak, Mutrikuk eta Zumaiak osatzen dute Geoparkea).
Goizean lan-saioa egin zuten Zumaiako Oxford aretoan. Oier Korta, Zumaiako alkatea, bertara hurbildu zen taldekideak agurtu eta ongi etorria ematera. Bazkalondoren, behin batzarra amaituta, Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscha gertutik ikusteko ibilaldia egin zuten itsasontzian, Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak gidatuta.
Proiektu honekin, Europako bost herrialde ezberdinetako 12 bazkideek, horien artean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Europa Atlantikoko Geoturismo Ibilbidea osatuko dute, proiektukide diren lurraldeak lotuko dituena, eremu atlantikoko ondare geologikoa eta kulturala sustatzeko helburuarekin.
Proiektuaren baitan, beste zenbait ekintza egingo dira: audiogidak hizkuntza ezberdinetan, ibilbide geologikoak, geodibertsitatea modu birtualean esperimentatzeko web atari bat eta ikusentzunezko bat, besteak beste.
Fforest Fawr UNESCO Munduko Geoparkea, Erresuma Batua
Marble Arch Caves UNESCO Munduko Geoparkea, Irlanda
Lanzarote eta Chinijo uharteetako UNESCO Munduko Geoparkea, Espainia
Kantabriako Udalerri Iraunkorren Mankomunitatea, Espainia
Armorique eskualdeko Parke Naturala, Frantzia
North Pennies AONB elkartea, Erresuma Batua
The Burren and Cliff of Moher UNESCO Munduko Geoparkea, Irlanda
Copper Coast UNESCO Munduko Geoparkea, Irlanda
Trás-os-Montes e Alto Douro unibertsitatea, Portugal
Proiektu hau Europar Batasuneko Interreg Gune Atlantikoko programaren bidez finantzatzen da. Egitasmoak UNESCO Geoparkeen Munduko Sarearen babesa dauka (GGN). Proiektua 2019ko azaroan amaituko da.