Debako bizikidetza batzordeak bere burua aurkeztu du Giza Eskubideen EguneanAbenduaren 10a, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna baliatu du Debako udalaren baitan biltzen den Bizikidetza Batzordeak bere burua aurkezteko. Udalbatza osatzen duten hiru alderdietako bina ordezkarik eta Alkateak adostu duten adierazpena irakurri dute Udaletxeko pleno aretoan. Agerraldian egon dira: Gilen Garcia (alkatea) Aimar Lasa eta Aritz Larrañaga (EH Bildu), Pedro Bengoetxea eta Ane Egidazu (Debarren Ahotsa), Miren Esnal eta Unai Lekube, (EAJ-PNV). https://www.deba.eus/api/eu/aktualitatea/albisteak/debako-bizikidetza-batzordeak-bere-burua-aurkeztu-du-giza-eskubideen-eguneanhttps://www.deba.eus/api/eu/aktualitatea/albisteak/debako-bizikidetza-batzordeak-bere-burua-aurkeztu-du-giza-eskubideen-egunean/@@download/image/IMG_7799.JPG
Debako bizikidetza batzordeak bere burua aurkeztu du Giza Eskubideen Egunean
Abenduaren 10a, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna baliatu du Debako udalaren baitan biltzen den Bizikidetza Batzordeak bere burua aurkezteko. Udalbatza osatzen duten hiru alderdietako bina ordezkarik eta Alkateak adostu duten adierazpena irakurri dute Udaletxeko pleno aretoan. Agerraldian egon dira: Gilen Garcia (alkatea) Aimar Lasa eta Aritz Larrañaga (EH Bildu), Pedro Bengoetxea eta Ane Egidazu (Debarren Ahotsa), Miren Esnal eta Unai Lekube, (EAJ-PNV).
Hau da adostutako testua:
Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen Aldarrikapen Eguna ospatzen dugu. 1948. urtean bi mundu gerrateen ondorioak ikusi ondoren, Nazio Batuek adostu zuten gaurko egunarekin Giza Eskubideen Ituna. Herrialde ezberdinetako ordezkariek lanketa baten ondorioz, hurrengo urteetarako erreferentzia izango zen Hitzarmena landu zuten. Bertan jasotzen dira pertsonek duintasunez bizitzeko beharrezkoak ditugun eskubideak.
Gaurko eguna dela eta, Debako udalak bere baitan lanean diharduen Bizikidetza Batzordea aurkeztu nahi dizue herritar guztioi. Gure gertuko historian ere, Giza Eskubide urraketa eta sufrimendu andana izan dira eta udaleko alderdi politiko guztien adostasunarekin, lanketa bat egiten ari garela adierazi nahi dizuegu.
Aurreko legealdian pausu sendo batzuk eman ziren eta Gerra Zibila eta Frankismoaren lehen urteetan gertatu zena ezagutzeko aukera izan genuen. Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkartetik egin zen ikerketa eta garai haietan Deban bizi izandako gertakizunak, biktimak, errepresioa eta sufrimendu ugari ezagutzeko aukera izan genuen.
Ibilbide horri jarraituz, gertuko memoria ere ezagutu eta aztertu nahi izan dugu. Horregatik, aurreko legealdian, alderdi guztiok aho-batez erabaki genuen Bizikidetza Batzordea abian jartzea eta modu diskretu eta babestuan hasi genuen gure ibilbidea, Gipuzkoako hainbat herritan egin den moduan.
Debako hainbat eragileren iritzia ere jaso zen garai hartan eta denek begi onez ikusi zuten prozesu bat abian jartzeko unea zela. Eta ordutik, legealdia aldatu arren, udalean ordezkaritza dugun alderdiok konpromiso berarekin jarraitzen dugu lanean.
Bizikidetza Batzorde honetan agerian jarri nahi dugu, gertuko iraganean bizi, sentitu eta pairatutako sufrimenduak ukaezinak direla; hortaz, hauek ezagutu, errespetatu eta aitortzea ezinbestekoa dela. Herritar ezberdinek bizi izandako giza eskubideen urraketak ezagutu nahi ditugu, elkarri entzun eta elkarri aitortu.
Bereziki indarkeria honen ondorioak zuzenean pairatu dituzten pertsonengana gerturatu nahi dugu eta udal bezala, gure eskuetan dagoena egin: gertatu zena ezagutu, eta herri mailako aitortza ahalbidetu. Biktimak izan zarete sufrimendua zuzenean bizi izan duzuenak. Udal honetako Bizikidetza Batzordeko ordezkariak hortaz jabetzen gara eta pausuak eman nahi ditugu zuengana gerturatzeko eta merezitako aitortza egiteko.
Ibilbide honetan herritarrak ere presente egotea nahi dugu, aktiboki parte hartzea. Horretarako legealdi honetan hausnarketa eta elkarrizketarako espazioak ahalbidetzen saiatuko gara, harremanak errazten eta, ondorioz, herri kohesioa sendotzen. Izan ere urteetan gure herrian urruntasuna, isiltasuna, oztopoak, mota ezberdinetako jazarpenak e.a izan dira. Eta guzti horretaz hitz egiteko garaia da, elkarri entzutekoa. Errespetuan oinarritutako bizikidetza sustatu nahi badugu, bestelako etorkizun bat eraiki nahi badugu, iraganean bizi izandakoa ez genuke ahaztu behar, berriro errepika ez dadin.
Guzti honekin Udalak memoria egin nahi duela agerian uzten du. Gertuko iraganean terrorismoa eta indarkeria politikoarekin lotutako Debako gertaerak zorroztasunez identifikatu, sortutako eraginak sakontasunez aztertu eta zintzoki zergatiak mahai gaineratu nahi ditugu. Horrela, gertatutakoa ezagututa, ez errepikatzeko pausuak eman daitezke.
Giza Eskubideen aurkako ekintzak aitortzeak, etorkizunera begira, bizikidetza demokratikoa sendotzen lagunduko du. Osatzea nahi genukeen errelato poliedrikoan, ezberdintasun ideologikoak onartu eta errespetutik abiatzen bagara, egun egon daitezkeen beldur eta isiltasun batzuk gainditzen lagundu dezakegu.
Orain artean barne lanketa izan da eta poliki-poliki pausu batzuk eman ditugu. Jakin badakigu prozesua dela eta bertan sortzen diren gorabeherei aurre egin beharko diegula; dagoeneko batzordeko oinarriak adostu ditugu eta lan plangintza bat aurreikusten dugu legealdi honetarako gutxienez, baina pausuak poliki eman nahi ditugu, sendotasun eta adostasunetik ematea baita gure asmoa.
Hori da gure konpromisoa eta horren berri eman nahi genizuen.