Jon Alonsoren 'Naparra kasu irekia' liburua aurkeztu da

Jon Alonso idazleak Tene Beka Mujikari esker idatzi duen liburuaren aurkezpena egin du, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren eta Aritz Larrañaga Debako udaleko kultura eta euskara zinegotziak lagunduta.

Jose Miguel Etxeberria Alvarez “Naparra”, Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea eta Ipar Euskal Herrian errefuxiatua, 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, norbaitek bahitu eta eraila. Ordutik ez da haren gorpurik agertu, ez desagerketaren egileez edo xehetasunez berri zehatzik jakin.

Jon Alonsok, era bateko eta besteko iturrietara joz, ikerketa zabal eta sakon bati ekin dio, kasu horretaz dakigun guztia biltzeko, baita suma dezakeguna iradoki eta ilunpean dagoena gogorarazteko ere. Naparra kasuaz hitz egitean, baina, gutxien-gutxienez bi kasu hartu behar ditugu aintzat: bata, indarrez desagerrarazi zuten borrokalari gazte, argi eta kementsuaren historia lazgarria; eta bestea, semearen (eta anaiaren) arrastoaren bila berrogei urtez batera eta bestera joz eta askotan bakardadean, modu nekaezinean jardun duen familiaren historia, aurrekoa bezain lazgarria edo agian lazgarriagoa.

Biak landu eta jorratu ditu egileak Debako udalak eta Elkarrek antolatzen duten Tene Mujika Bekaren laguntzaz idatzitako lan honetan, gure memoria argituz eta astinduz; izan ere, noizbait denontzat bizigarria izango den herri bat eraikiko badugu, bidean gertatu diren izugarrikeria guztiak hartu beharko baitira gogoan.

Eskerrak eman dizkio Aritz Larrañaga zinegotziak Jon Alonsori, egin duen lan bikainagatik. “Administrazioei badagokigu memoriaren berreskurapenean ekarpena egitea. Hori egiteko modu bat da bekena, adibidez. Gure apustua da lan honekin jarraitzea eta ildo horretan beste ekarpen batzuk ere egitea. Hau ez da unerik egokiena, baina egoerak hobera egiten duenean, Debako udalaren asmoa da urte hauetan guztietan bekaren babespean ekarpenak egin dituzten idazleei aitortza egitea, haien lanei bisualizazioa ematea herrian, Tene Mujika debarraren irudiari eta berak egindako lanari balioa ematearekin batera”. 

Jon Alonso 1958an jaio zen Iruñean. Biologia ikasi zuen baina administrazioko itzultzaile gisa lan egiten du. Literaturan, saiakerak eta eleberriak idatzi izan ditu gehienbat, eta Saramago, Cortázar edo Lévi-Strauss bezalako idazleak euskaratu ditu.

Layout
{ "ce89eb0d-d19f-44dd-874a-944b4ba2bd27": { "@type": "slate", "value": [ { "type": "p", "children": [ { "text": "" } ] } ], "plaintext": "" } }
{ "items": [ "ce89eb0d-d19f-44dd-874a-944b4ba2bd27" ] }
Ezarpenak
yes
jon-alonsoren-naparra-kasu-irekia-liburua-aurkeztu-da
Kategorizazioa