Aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu baldin badira ere alarma egoeraren eta osasun larrialdiaren ondorioz, beste modu batzuetan bada ere, aurten ere errenta aitorpena egin beharko dugu. Debako udalak, UEMAren kanpainarekin bat egin du eta herritarrak aitorpena euskaraz egitera gonbidatu nahi zaituzte. Iaz, Deban, ia 700 lagunek egin zuten errenta aitorpena euskaraz. Euskarak, administrazio publikoan ere dagokion lekua izan dezan bultzatu nahi da.
65 urtetik gorako herritarrei telefono deiak egin zaizkie haien egoeraren berri izan eta behar duten laguntza eskaintzeko. Bi adin-tarte bereizi dira deiak egiteko orduan, pertsonen beharrak ere desberdinak izango direla kontuan hartuz; 65 eta 77 urte bitarteko herritar taldeari dagokionez, 835 herritar daude adin-tarte honetan. Ia denek jakinarazi dute ez dutela laguntzarik behar. 287 dira, berriz, 77 urtetik gorakoak. Horietatik 137ri egiten zaio jarraipen zuzena, haiek hala eskatuta. Guztiek eskertu dute udaletik deitu izana.
Osasun alarma egoera honek are egoera zaurgarriagoan utzi ditu kalean bizi diren pertsonak. Hori aintzat hartuta, eskualdeko alkateen artean hitz egin ondoren, Debako udalak erromesen aterpetxea egokitu du egoera honetan dauden pertsonak hartzeko. Une honetan bi pertsona daude bertan eta oinarrizko arreta zerbitzua Debako Gizarte Zerbitzuen bitartez jasotzen dute.
Aste honetan hilabete bete da covid-19 birusak eraginda alarma egoera ezarri zenetik. Lehen mailako osasun premiak erantzuteko neurriak hartzea izan zen udalaren lehen egitekoa. Hilabete igarota, baina, sortuko den egoera berriari begiratzen hasteko une heldu da. Hori horrela, Gilen Garcia alkatea herriko eragileen beharrak eta nahiak jasotzeko erronda egiten ari da. Halaber, ekonomian izango duen eragina arintzeko ere zein neurri har ditzaken udalak aztertzen ari da udal gobernua.
Orain bizitzen ari garen osasun alarma egoerak, epe laburrean eragiteaz gain, epe ertain, eta ziurrenik luzean ere, eragina izango du, adituek esan dutenez. Gilen Garcia alkateak orain egun batzuk adierazi bezala, Debako udala lanean ari da aurrera begira, ahal den neurrian ondorioak aurreikusten eta herritarrengan egoera honek izango duen eragin kaltegarria zein neurrietan arindu dezakeen aztertzen. Udala osatzen duten beste alderdiekin elkarlanean, neurri ekonomikoak lantzen ari da, besteak beste, udal aurrekontua doitzea.
Apirilaren 27tik aurrera, irakurzaletasuna sustatzeko eta irakurleak diren herritarrei liburuak eskuragarri jartzeko, Udalak eta Ostolaza udal liburutegiak, liburutegiko liburuen mailegu zerbitzua jarriko du martxan. Horrela, norbaitek libururen bat etxean irakurri edo pelikularen bat ikusi nahi badu, liburutegira deitu eta etxean jaso ahal izango ditu, beti ere segurtasun neurri guztiak betez (langileek eskularruak eta maskarila erabiliko dituzte eta ahal den guztietan zuzeneko kontaktua saihestuko dute).
Bi herrietako herritarrek aspaldi espero zuten albiste bat emateko moduan egongo gara laster. Izan ere, gure bi herriak lotzen dituen zubiaren konpontze lanak abiatzeko azken tramite administratiboak abiatu dira.
COVID19 birusak eragindako osasun alarma egoeragatik Debako udalak ezin izan zituen 2020rako aurrekontuak aurreikusitako epean onartu. Gaur, apirilaren 30ean, modu telematikoan egingo den ohiko osoko bilkuran landuko den gaietako bat izango da aurrekontuena. Eta, aurreikusita zegoen bezala onartu beharrean, egoera berri eta berezi honetara egokitzea, doitzea erabaki da.
Debako udalak erosketa bonuen bitartez herriko merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu sektoreko establezimenduak lagunduko ditu, Magnet Kooperatibak bultzaturiko www.kuttuna.org webguneak martxan jarritako irabazi asmorik gabeko egitasmoaren bitartez. Udalak 20.000 euroko hasierako diru poltsa jarriko du eta horri esker, gutxienez, 100.000 euro iritsiko dira aipatutako negozioetara.
Apirilaren 30ean, telematikoki egindako osoko bilkuran onartu ditu 2020rako aurrekontuak Debako udalak. COVID-19ak eragindako egoerara moldatutako aurrekontuak dira; pandemiak egoera zaurgarrian eta laguntza beharrean utziko dituen herritarren zama arintzeko bideratuko dira indarrak. EH Bildu eta EAJ-PNVren aldeko botoekin eta Debarren Ahotsaren abstentzioarekin onartu dira. Modu telematikoan egindako osoko bilkuran landutako gainontzeko gai guztiak gehiengo osoz onartu dira.
Nafarroa plazako TAO sistema ekainaren 1etik irailaren 15era arte egongo da indarrean, egunero. Aurreko urteetan, maiatzeko asteburuetan hasi izan bada ere, egungo egoera berezia aintzat hartuta, maiatzean ez da, eremu horretan, ibilgailuak aparkatzeagatik TAOa kobratuko. Berritasun bat ere egongo da aurten, izan ere, kreditu txartel bidez ordaintzeko aukera egongo da.
Une honek eskatzen dituen moldaketak eginda, baina ospatu egingo da Debarren Eguna. Aritz Larrañaga Alkateorde eta Kultura zinegotziaren esanetan, “Egun berezia da debarrontzat egun hori. Garai zailak izaten ari dira guztiontzat eta pentsatu dugu berez berezia den egun hau are bereziago bihurtzen dela alarma eta pandemia egoeran. Fisikoki ez bada ere, bat egiteko eguna izatea nahi dugu, elkarrekin ospatuko duguna, elkarlanean”.
Apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran udalerriko bideen ordenantzaren hasierako onarpena egin zen, gehiengo osoz. Udal titulartasuneko bideen erabilera partekatua, berezia eta ohikoa arautzen ditu aipatu ordenantzak, narriatu ez daitezkeen ibilgailu astunak bertatik igarotzearen eta, bereziki, basogintzako ustiapenak direla eta egurra eta peiak garraiatzetik eratorritako aprobetxamenduaren ondorioz.
Maiatzaren 17an Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako eguna aldarrikatzen da. Aurten, COVID-19aren ondorioz etxean erdi konfinaturik geratu behar garenez, ezingo da kalera irten manifestatzera, baina berdin jarraituko dugu sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak sortarazten dituen erasoak salatzen.
Debako udal gobernu taldeko ordezkariak, Gilen Garcia alkatea buru, udalerriko ostalarien ordezkaritza batekin batzartu dira. Jakina da pandemia egoera honen ondorioz, euren jardunean ondorioak izan dituztela eta Hego Euskal Herrian fase berria indarrean sartzearekin batera, terrazak zabaltzeko baimena ematen duena, zalantzak sortu direla ostalarien artean. Hori horrela, haien kezkak, galderak eta iradokizunak jasotzeko helburuarekin egin da lehen bilera hau.
COVID-19 birusak eragindako osasun alarmaren ondorena kudeatzeko, Deba Biziberritzeko Plan Integrala egingo du Debako udalak. Gilen Garcia Boyra alkateak eta Itziar Irizar Beristain alkate ordeak eman dute asmoaren berri.
COVID-19ak eragindako alarma egoeraren deseskalada fase desberdinetan ematen ari da Hego Euskal Herrian. Eta fase bakoitzean, besteak beste, erabilera publikoko espazioen erabilera arautzen ari da. Uda atarian gaudela, hondartzan nola egon ahal izango garen jakitea bada debarron buruan dagoen gaietako bat. Gaur gaurkoz, eta besterik jakinarazi ezean, Debako udalerriko hondartzak zabalik daude kirola egiteko eta paseatzeko, ez, ordea, bertan etzanda egoteko.
Maiatzaren 25ean sartu da Hego Euskal Herria deseskaladaren bigarren fasean. Honek, besteak beste, espazio publikoen erabileran aldaketak ekarri ditu, hondartzena, kasu. Joan den astean esan bezala, atzo (maiatzak 25) batzartu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren hondartzen mahaia deritzona. Debako alkateak parte hartu du bertan Debaren ordezkari gisa. Bileran, deseskaladaren fase honetan hondartzen erabilera nolakoa izango den adostu zuten eta hondartzen udako garaia hasten denean nola bermatu segurtasuna aztertzen ari dira. Aholkularitza zerbitzua jarriko du Aldundiak herri bakoitzean aforoa… nola kudeatu aztertzeko.
Zaborren gaineko lehen hiruhileko zergaren ordainketa ekainera atzeratzea erabaki zuen Udalak, COVID19 birusak eragindako egoeragatik.
Maiatzaren 25etik aurrera, Debako udalak, Aldats frontoia, Itziarko Zabalsoro frontoia, Lasturko frontoia eta Lasturko bolatokia ireki ditu.