Aitzuri abesbatzak jaurtiko du 2024ko San Roke jaietako txupina

2024ko uztailaren 24aAitzuri abesbatzak jaurtiko du 2024ko San Roke jaietako txupina

Abesbatzaren 30. urteurrenaren harira, herriko festei hasiera emateko gonbitea egin dio Debako Udalak, urte guzti horietan herriari egindako kultur ekarpenaren aitortza keinu gisa.

Aitzuri abesbatza izendatu du Debako Udalak 2024ko San Roke jaiei hasiera eman eta txupina botatzearen arduradun, abesbatzaren 30. urteurrena dela eta. Izan ere, Aitzurik ekarpen handia egin dio eta egiten dio gaur egun ere herriari, Deba kulturalki bizirik dagoen herria izan dadin bere aletxoa jarriz.


Jaiak abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatuko dira, eta, horiei hasiera emateko, beraz, Aitzuri abesbatzaren dedikazioa, lana eta ekarpena aitortu eta balioan jarriko dira. 30 urte hauetan zehar, kalitatezko ikuskizunak eskaini ditu abesbatzak, herriaren kultur bizitzan eta herritarren artean ere bere lekua eginez.  

"Hogeita hamar urte ez dira egunero betetzen, eta Aitzuri abesbatzak ekarpen handia egin dio Debari, baita debarrei ere, hiru hamarkada hauetan zehar. Beraz, txupina abesbatzaren esku uztea merezitako errekonozimendua da urteetako lan horri guztiari eta herrian izan duen ibilbideari", adierazi du Alazne Txurrukak, Debako alkateak.


Hala, pregoiaren bitartez, Aitzuri abesbatzaren 30. urteurrena ospatzeaz gain, Debako kultur zein bizitzaren alde egindako ekarpen eta lana jarriko dira balioan. Debaren esker onaren eta estimuaren keinua da hori, beste hainbat urtez ere, bere jarduna eta bere doinuak orain arte bezala zabaltzen jarrai ditzan.