Indarkeria matxistaren aurkako udal protokoloa eguneratu du Debak, 2023-2027 Gobernu Planean jasoa

2024ko uztailaren 24aIndarkeria matxistaren aurkako udal protokoloa eguneratu du Debak, 2023-2027 Gobernu Planean jasoa

Protokolo berriak biktimak babesteko eta indarkeria matxista desagerrarazteko bidean erantzun publiko instituzional eraginkorragoa eta koordinatuagoa eskaintzen du. Alazne Txurruka: Eguneratze honekin, Debak urrats bat aurrera ematen du indarkeria matxistaren aurrean erantzun integrala eta eraginkorra bermatuko duen Udal sendo eta koordinatu bat finkatzeko.

Atzo, uztailak 23, egindako ohiko osoko bilkuran, Debako Udalak (aho batez) onartu zuen indarkeria matxistaren aurrean erantzun publiko instituzionala emateko udal protokoloaren eguneratzea. 2023-2027 Gobernu Planean jasota dagoen ekintza estrategikoa da hori eta horren bitartez, Debako Udal gobernuak indarkeria matxistaren aurka duen konpromiso irmoa berresten du, horri aurre egin behar dieten emakume zein LGTBIQA kolektiboaren ongizatea bermatzeko bidean.

Protokoloa udalerriko talde feministarekin lankidetza estuan eguneratu da, eta dokumentuaren helburu nagusia da indarkeria matxistako kasuen aurrean erantzun eraginkorra eta koordinatua ematea, biktimen babesa bermatuz eta genero-indarkeriaren mota guztiak desagerrarazteko lan eginez. Hala, protokolo honek esku-hartze publikorako irizpideak definitzen ditu, jarraipen eta ebaluazio-prozedurak ezartzen ditu, eta biktimentzako laguntza eta babes-neurri espezifikoak zehazten ditu, besteak beste.

Protokoloaren ezaugarrien artean, halaber, erakundeen erantzunaren azkartasuna eta eraginkortasuna, indarkeriaren biktimak berriz ez biktimizatzeko komunikazio argia eta errespetuzkoa sustatzea edota biktimei berehalako laguntza lehenestea nagusitzen dira.

Debako Udalak, indarkeria matxista orok duen larritasunaz jabetuta, emakumeak eta LGTBIQA kolektiboa babesteko eta gizarte bidezkoagoa eta berdinzaleagoa sustatzeko aktiboki lan egiteko konpromisoa berretsi du. Alazne Txurruka alkateak adierazi duenez, "eguneratze honekin, Debak urrats bat aurrera ematen du indarkeria matxistaren aurrean erantzun integrala eta eraginkorra bermatuko duen Udal sendo eta koordinatu bat finkatzeko. Debako Udaletik berdintasunaren alde etengabe jarraituko dugu lanean, indarkeria kasu bakoitzak merezi duen arreta eta erantzuna jasoko duela ziurtatuz".

Lankidetza hitzarmena Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin

Era berean, atzo egindako osoko bilkuran, Udalaren eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren arteko lankidetza hitzarmena ere onartu zen, Debako Udalak gizarte laguntzarekin eta behar gehien duten pertsonen babesarekin duen konpromisoa sendotuz.

Akordio honen helburu nagusia da Gipuzkoako Elikagaien Bankuak gaur egun dituen eta estaltzen ez diren kudeaketa eta funtzionamendu gastuetan Udalak zein baldintzatan lagunduko dion arautzea. Hala, aurrerantzean, laguntzaren zenbatekoa zehazteko udalerri bakoitzak urtero jasotzen dituen elikagaien eta oinarrizko produktuen kopurua hartuko da kontuan. Era berean, akordioak Elikagaien Bankuak elikagaiak entregatzeko jarraituko duen prozedura jasotzen du.