Pablo Turrillas debarrak diseinatutako kartela izango da 2024ko San Roke jaien irudia

2024ko uztailaren 19aPablo Turrillas debarrak diseinatutako kartela izango da 2024ko San Roke jaien irudia

Epaimahaiak aukeratutako 6 proposamenetatik Pablo Turrillasek aurkeztutakoa izan da herritarren gehien bozkatu dutena. Festetako protagonistak su artifizialak ikusten irudikatu ditu egileak jaietako kartelean, San Rokeetako elementu klasiko zein ezagunenetako bat, alegia.

Hilabete baino gutxiago falta da San Roke jaietarako, herriko jai kuttunenak, eta hauek dagoeneko badute irudi propioa, Pablo Turrillas debarrak diseinatua.

Herritarrek gehien bozkatutako kartela

San Roke jaietarako kartel lehiaketak 13 proposamen ezberdin jaso zituen eta horietatik 6 aukeratu zituen epaimahaiak, herritarrek bozkatzeko. 6 proposamen horiek ikusgai egon ziren batzar aretoan uztailaren 5ean eta 6an eta herritarrek bertan bozkatu ahal izan zuten proposamen horietatik  gustukoena.

Hala, guztira 173 boto jaso zituen Udalak eta hain zuzen Pablo Turrillas debarrak aurkeztutako proposamena izan zen bozkatuena. Horrenbestez, Turrillasen proposamena izango da datorren abuztuaren 14tik 18ra ospatuko diren San Roke jaien irudia.

Jaietako protagonistak su artifizialez gozatzen

Bere proposamenarekin, herriko jaien elementu klasiko eta, aldi berean, ezagun eta maitatu bat islatu nahi izan du egileak: su artifizialak. Horrela, karteleko irudiak jaietako protagonista desberdinak jasotzen ditu, hain zuzen, su artifizialen ikuskizunaren bueltan: erraldoiak, buruhandiak, dantzariak, danborradako parte-hartzaileak, marinelak...

Kartelak, beraz, herriko jai kuttunen horien adierazle eta protagonista nagusiak biltzen ditu, irudi bakar batean.