Zaintza Ekosistemari buruzko galtegia betetzeko azken eguna ostirala izango da

2024ko uztailaren 17aZaintza Ekosistemari buruzko galtegia betetzeko azken eguna ostirala izango da

Galdetegiaren bidez, Udalak Debako zaintza egoeraren hausnarketa herritarra egin eta herritarren iritzi eta beharrak ezagutu nahi ditu. Aurrez egindako analisitik eta herritarren ekarpenetatik abiatuta sortuko du Udalak Debako Zaintza Ekosistema, eragile, herritar eta erakundeekin elkarlanean.

Duela hilabete batzuk abiatu zuen Debako Udalak Debako Zaintza Ekosistema eratzeko prozesua. Herriko pertsona desberdinez osatutako talde eragilea sortu eta egoeraren analisia egin ostean, Debako zaintza egoeraren hausnarketa herritarra egiteko ekitaldia antolatu zen ekainaren 30ean. Halaber, galdetegi bat sortu zen herritarren iritzi eta beharrak ezagutzeko. 

Ekitaldi zein galdetegiaren bidez herriko adinekoen zein haien senitartekoen errealitatea, beharrak, iritziak gertutik ezagutu nahi dira, gerora garatuko den Zaintza Ekosistemak guztien beharrei erantzun diezaien.

Galdetegia webgunean eskuragarri dago eta ostirala arte bete ahal izango da:

https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSfEUZb3aBjQWcQivdMfm1V63qVYsLZvrv96Aac8TxodxJfARg/viewform.

Guztion artean eraikitako Zaintza Ekosistema

Alazne Txurruka, alkatearen esanetan” ezinbestekoa da debarren iritziak eta beharrak ezagutzea, zaintza ekosistema guztion artean eraiki dezagun, guztien beharrei erantzun diezaien”. 

Abiatutako lanketa eta Zaintza Ekosistemaren eraketa lehentasunezkoa eta estrategikoa da udal gobernuarentzat, adinekoek eskura dituzten zerbitzuak eta euskarriak indartzeko helburuarekin, haien beharrei modu proaktiboan eta egokian eta sentikortasunez erantzuteko.  Horregatik, martxan jarritako zaintza ekosistema berritzailea sortzeko prozesuak adinekoak eta pertsona zaintzaileak jartzen ditu erdigunean, adineko pertsonen beharrei modu integralean erantzuteko. Ekimen honen bidez, beraz,  Debako Udalak, adineko herritarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu, baina baita gizarte eta komunitate-sarea indartzea ere, adinekoen zaintza gizarte osoaren mesederako den erantzukizun partekatua dela erakutsiz.