Itziar
Debako hirigunetik 6 km ingurura, Andutz mendigune karstikoaren oinetan Itziar auzoa dago, Ama Birjinari eskainitako gune garrantzitsua. Bertan dago izen bereko santutegia ere. Tenpluaren buru Itziarko Ama Birjinaren irudi erromanikoa da (XII. mendekoa), euskal ikonografiako ederrenetakoa, itsasoko jendearen artean debozio handia pizten duena.
Itziarko Santutegiaren ondoan, bere emaztearen omenez egindako, Jorge Oteizaren Amatasuna eskultura dago. XX. mendeko eskultore handiak amatasunaren kontzeptua zabaltasun osoarekin irudikatzen du. Angulo ezberdinetatik begiratuta, amatasunaren hiru une bereiztuko ditugu. Hutsune existentzial bat da, eta ama balitz bezala, begiratzen duen eremu guztia babestu nahi du, Amalurra.
Itziar abiapuntu bikaina da inguruetan oinezko ibilbideak egiteko. Bertatik Lasturko bailara, Endoia, Mardari eta Arbiskoa auzoetara joan gaitezke; baita Andutz (613 m), Otaerre (663 m), Agiro (739 m), Sesiarte (758 m) eta Erlo (1030 m) tontorretara ere.
Lastur
Barnealderuntz jarraituz Lasturko bailaran sartuko gara; oinez, presarik gabe, bisitatzea merezi duen paradisu naturala.
Bailararen muturrean Lasturko San Nikolas gune txikia ezagutuko dugu. Auzogunea San Nikolas baseliza, errotak, pilotalekua eta hiruzpalau etxez osatuta dago; aterpetxea ere badago, eta bertan, karsta sakon ezagutzen lagunduko digun interpretazio gunea dago. Informazio panelen bitartez, argazki eta ilustrazioen bidez haranaren historia eta ohiturak, harriarekin izan duen lotura, bere ezaugarri geologikoak eta bertako biztanleen bizimodu eta tradizioak ere ezagutuko ditugu. Izan ere, haran honetan baserria, haitzuloak, ura, kareharria eta zezenak dira protagonista nagusiak.
Lastur 1335eko dokumentuetan aipatzen da jada, Alfontso XI. erregeak bailarako burdinolen eskariz, inguruko herri basoetan zuhaitzak ebakitzeko baimena emateko idatzian, alegia. Denbora igaro ahala, haran honetako burdinolak errota bihurtu ziren, eta egun, horren testigu dira Plazaola errotak. Bikain gordeak eta jardunean, bisitariak jasotzeko prest daude.
Plazatik bertatik, ermitaren ondoan, PR-46 edo Karstaren ibilbidea hasten da. Balio paisajistiko eta geologiko handiko mendi-bidea Geoparkearen bihotzean barrena.