Abian da ‘Beldur Barik 2024’, indarkeria sexista prebenitzera zuzendutako gazteentzako ikus-entzunezko lehiaketa

2024ko urriaren 31aAbian da ‘Beldur Barik 2024’, indarkeria sexista prebenitzera zuzendutako gazteentzako ikus-entzunezko lehiaketa

Lehiaketa 12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendua dago eta helburu du gazteekin batera hausnarketak eta eztabaidak sustatzea eta gizarte berdinzaleagoa eraikitzeko bidean elkarlana indartzea. Izena emateko epea azaroaren 8ra bitarte dago zabalik eta aurkeztutako lanak Debako Tokiko Lehiaketan ere lehiatuko dira.

Bueltan da, beste urte batez, Beldur Barik Jarrera 2024 ikus-entzunezko lehiaketa, gazteen artean indarkeria sexistaren aurkako jarrera aktiboak eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzera bideratutako ekimena, alegia. 

Lehiaketa 12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi edo ikasten duten guztiek parte har dezakete. Lehiaketaren helburua da gazteek indarkeria sexistaren aurrean jarrera kritiko eta eraikitzaileak erakustea. 

Horretarako, parte-hartzaileek ikus-entzunezko lanak aurkeztu behar dituzte, euren egunerokoan indarkeria sexistaren aurrean nola erantzuten duten eta harreman errespetuzko eta berdintsuak nola eraikitzen dituzten erakusten dutenak. Horrez gain, nesken ahalduntzea eta mutilen parte-hartze aktiboa bultzatzea ere bada lehiaketaren ardatz nagusietako bat, betiere estereotipoak alde batera utziz.

Ikus-entzunezko lanen ezaugarriak
Lanak ikus-entzunezko formatuan aurkeztu behar dira, gehienez 3 minutuko iraupenarekin (kredituak barne). Bideoak euskaraz, gazteleraz edo bi hizkuntzetan aurkeztu daitezke, baina azpitituluak derrigorrezkoak dira, ulergarritasuna bermatzeko. Horretarako, lanak YouTube, Instagram edo TikTok plataformetan igo behar dira, eta horien estekak Beldur Barik webgunean aurkeztu behar dira, izen-emate formularioa betez.

Gainera, kategoria bakoitzean bi sari banatuko dira: lan irabazleak 400€ jasoko ditu, eta aipamen bereziak 200€. Horrez gain, bi sari berezi gehiago ere emango dira, bakoitza 300€-koa: bata, ikus-entzunezko lan onenari, eta bestea, boto gehien jasotzen duen bideoari.

Izena emateko epea azaroaren 8an amaituko da.

Debako Tokiko Lehiaketa 

Gainera, aurkeztutako lanek lehiaketa orokorrean ez ezik, Debako Tokiko Lehiaketan ere parte hartuko dute. Debako Udalak sari bereziak eskainiko ditu, eta herriko gazteek kategoria bakoitzean 100 euroko sariak irabazteko aukera izango dute. Kategoriak honako hauek dira: 12 eta 14 urte bitarteko gazteak, 15 eta 17 urte bitartekoak, eta 18 eta 20 urte bitartekoak.

Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko, www.beldurbarik.eus webgunea bisita daiteke, edo Debako Udalarekin harremanetan jarri helbide elektroniko honen bidez: info@deba.eus