Abilion enpresak Debako kiroldegiaren kudeaketaren buru izaten jarraituko du kirol eskaintza zabala eskainiz

2024ko urriaren 11aAbilion enpresak Debako kiroldegiaren kudeaketaren buru izaten jarraituko du kirol eskaintza zabala eskainiz

Kudeaketa-kontratua lehiaketa publiko bidez berritu ondoren, Abilion enpresa esleipendunak bere kirol zerbitzuak eta ikastaroak Deban eskaintzen jarraituko du, herrian kirol praktika sustatzeko helburuarekin. Abilionek eskaintzen dituen zerbitzuen artean, adibidez, jarduera gidatuak daude, hala nola spinning klaseak edo multifitness saioak, baita 65 urtetik gorakoentzako ikastaro bereziak, gazteei zuzendutako eskaintza edo kirol orientazio zerbitzua (KOZ).

Debako Udalak uda aurretik kiroldegiko kudeaketa integrala egiteko lizitaziora ateratako lehiaketa publikoa irabazi ostean, Abilion enpresak jarraituko du Debako kiroldegiko kudeaketaren ardurapean. Hala aipatu enpresak kirol zerbitzu anitz bezain zabala eskaintzen jarraituko du, debarrekiko konpromisoa mantenduz eta herritarren artean kirol praktika eta bizi-ohitura osasuntsuak sustatuz.

Adin eta maila guztietarako kirol eskaintza zabala

Abilionek kirol eskaintza anitz bezain zabala eskainiko du, publiko guztientzat diseinatua, gazteetatik hasi eta 65 urtetik gorako pertsonentzako, erabiltzaileen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Mantentzen diren zerbitzu nagusien artean hauek nabarmentzen dira:

      Jarduera gidatuak, besteak beste, spinning, pilates, multifitness, crossfit, arrauna eta dantza, astelehenetik ostiralera eskaintzen dira, ordutegi desberdinetan, abonatuen beharretara egokituta.

      Entrenamendu pertsonalizatuak eta jarraipen nutrizionalak ere badaude, entrenatzaile pertsonalekin saioak erreserbatuz, erabiltzaileei fitness helburuak lortzen laguntzeko.

      65 urtetik gorakoentzat, gaitasun funtzionala, independentzia eta bizi-kalitatea hobetzeko ariketa-programa bereziak eskaintzen dira, indar muskularra, elastikotasuna eta erresistentzia kardio-baskularra lantzen dituzten ariketekin.

      Gazteei zuzendutako eskaintza berezia: 17:00etatik aurrera, astelehenetik ostiralera, fitness eta crossfit klaseak txandaka eskaintzen dira. Saio hauek 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat dira, eta adin-talde ezberdinetan banatuta ematen dira.

      Kirol Orientazio Zerbitzua (KOZ) debarrentzat doako zerbitzua da, bizi-ohitura aktibo eta osasuntsuagoak bultzatzeko orientazio pertsonalizatua eskainiz.

Ikastaroen, programen eta ordutegien inguruko informazio gehiagorako, deitu 943 19 22 62 telefonora, idatzi kiroldegia@deba.eus helbidera edo kontsultatu kiroldegiaren sare sozialak.