Alamedako parkea berritzeko lanak amaituta

2024ko uztailaren 16aAlamedako parkea berritzeko lanak amaituta

Konponketa lanez haratago, tirolina, partxisa eta xake guneak berritu eta futbol eremuan belar artifiziala jarri du Udalak. Behin lan horiek guztiak amaituta, bihar garbiketa lanak egingo dira eta ondorioz, parkea itxita egongo da lanak amaitu bitartean.

Ekainean ekin zien Debako Udalak Alamedako parkea eraberritzeko lanei, espazio hori egungo beharretara egokitu eta herritarrei aisialdirako eta gozamenerako kalitatezko espazio berritua, segurua eta zaindua eskaintzeko.

Izan ere, Debako Udal gobernuaren helburua da debar ororen beharretara egokitutako udalerria eraikitzea, pertsonak ardatz hartuta eta bide horretan, Alamedako espazioa egokitu, berritu eta eraldatzeko proiektua, Gobernu Planean jasotako proiektu estrategikoetako bat da.

Eraberritze zein asfaltatze lanak

Esku-hartzeen artean, konponketa lanak burutu ditu Udalak parkean eta horrekin batera, tirolina eta partxis eta xake mahaien azpiko zein hiru dimentsioko sarearen eremua berritu ditu.  Belar artifiziala ere jarri du futbol eremuan eta egoera kaxkarrean zeuden parkeko elementuak ere ordeztu dira.

Bihar, garbiketa lanak

Behin eraberritze eta asfaltatze lanak amaituta, parkeko zoruaren garbiketa orokor eta sakona egingo du Udalak bihar. Ondorioz, parkea itxita egongo da lanak irauten duten bitartean.

Egindako lan guztien helburu nagusia da Alamedako parkeaz gozatzen duten haurren segurtasuna eta erosotasuna bermatzea.