Aurrera doaz Debako Udaltzaingoaren bulego berriak eraikitzeko lanak

2024ko abenduaren 13aAurrera doaz Debako Udaltzaingoaren bulego berriak eraikitzeko lanak

Simon Berasaluze plazako lokalaren berrikuntzari esker, Udaltzaingoak herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eta hurbilagoa eskainiko die. Berregokitze proiektu honek, 2023-2027 Legealdi Planean jasota, tokiko gobernuak zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa indartzen du.

Simon Berasaluze plazan kokatutako lokalaren berrantolaketa-lanak hasi dira eta aurrera doaz erritmo onean. Proiektu honek 2023-2027 Legealdi  Planaren baitan jasotako proiektu estrategikoa da eta zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko helburuari erantzuten dio, Udaltzaingoan arreta berezia jarriz. 

Hala, Debako Udalak 358.193 euroko inbertsioa bideratu du berrikuntza lanetara, udaltzaingoarentzat bulego eta espazio irisgarriak eta egungo beharretara egokituak sortzeko. Lokal berriak 150 m² izango ditu, hainbat espaziotan banatuta: Harrera gela, bulegoak, aldagelak, atseden-gela eta artxibo bat, besteak beste. Antolaketa honek eta instalazio berriek udaltzaingoaren gaitasun operatiboa indartuko dute, herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eta hurbilagoa eskaintzeko, betiere debarren beharretara egokituta eta herritarren eguneroko bizi beharrei erantzunez.

Era berean, proiektuak Geoparkearentzako 99 m²-ko espazio berri bat ere aurreikusten du. Geoparkea Turismo bulegoaren baitan kokatu da orain arte, baina bulego berri hauen bitartez, bertara lekualdatuko du bere jarduna. Geoparkearen espazio berriak bilera-gelak, lan-eremuak eta atsedenlekuak izango ditu, lurraldearen kudeaketa eta sustapenerako baldintza egokiak bermatuz.

Berrantolaketa-lanak irisgarritasuna eta funtzionalitatea ardatz hartuta diseinatu dira, eta azpiegitura egokiak eskainiko dituzte herritarren beharrak asetzeko. Simon Berasaluze plazako lokala berregokitzeak udal-ekipamenduak etengabe berritzeko Udalaren konpromisoa berresten du, Debako biztanleen bizi-kalitatea hobetzea ardatz hartuta. 

Lanek aurreikusitako martxa jarraitzen dute eta 2025eko lehen hiruhilekorako amaituta izatea espero du Udalak.