Debak aho batez onartu ditu 2025eko udal-aurrekontuak

2024ko abenduaren 19aDebak aho batez onartu ditu 2025eko udal-aurrekontuak

10.4 milioi euroko aurrekontuak Udalak debarren bizi-kalitatea hobetzeko duen konpromisoa indartzen du, kalitatezko zerbitzu publiko zein azpiegiturak eta hirigintza-garapen egoki eta jasangarria izango duen etorkizuneko Deba eraikitzearen aldeko apustua eginez. Alazne Txurruka, Debako alkatea: Aurrekontu hau onartzea urrats garrantzitsua da gure udalerriaren etorkizunerako. Gure plangintzaren erdigunean pertsonak jarri ditugu, debarren bizi-kalitatea hobetzen duten eta Debaren etorkizuna indartzen duten proiektuekin.

Debako Udalak gaur arratsaldean egindako abenduko ohiko osoko bilkuran onartu du 2025erako aurrekontua, 10.469.853 euroko aurrekontu bateratuarekin. Kopuru horrek barne jasotzen ditu Itziar eta Deba Musikalera bideratutako diru-partidak. .

Aurrekontu horrekin, udal-gobernuak zerbitzu publikoen kalitatearekiko, herriko azpiegiturak hobetzearekiko eta hirigintza-garapen eta sustapenarekiko duen konpromisoa indartzen du. Helburu nagusia da Debaren etorkizuna herritarrentzako aukerak dituen udalerri dinamiko gisa eraikitzea, egungo zein etorkizuneko erronka eta beharretara egokitutako hazkunde-proiekzioarekin. 

Aurrekontuak aho batez onartu dira, EAJ-PNV, Orain Deba eta EH Bilduren aldeko botoekin. Alazne Txurruka alkatearen hitzetan: "Aurrekontu hauek aho batez onartzeak, gobernu taldeak oposizioarekiko duen jarrera irekia eta haien proposamenak entzun eta aintzat hartzeko duen borondate irmoa islatzen du. Badakigu udal aurrekontua gure udalerriaren garapenerako funtsezko tresna dela, eta, horregatik, elkarrizketa eta lankidetza ariketa bat egin dugu, herritar guztien beharrei modu egokienean erantzun ahal izateko, eta horren emaitza gisa, EAJ-PNV, Orain Deba eta EH Bilduren arteko akordio bat sinatu dugu, datorren urterako asmo sendoekin.

Aurrekontuaren ardatz nagusiak: ongizatea, kalitatea eta etorkizuna

Aurrekontuko partidarik esanguratsuena, 5.062.915 eurokoa, Antolakuntza arlora bideratuko da. Arlo horrek, batez ere, Udaleko langileen gastuak estaltzen ditu, udal-zerbitzuen kudeaketa egokia ziurtatuz. Berdintasunak eta Gizarte Zerbitzuek, berriz, 751.475 euroko aurrekontua izango dute 2025ean, kolektibo kalteberen ongizate- eta arreta-politikak hobetzeko. Era berean, 1.898.661 euro bideratuko dira herritartasun sailera; honen baitan jasotzen dira, esate baterako, hezkuntza-, kultura- eta kirol-zerbitzuak. Azkenik, Lurraldetasun arlora bideratuko dira 2.453.940 euro, bereziki hirigintzako azpiegiturak eta zerbitzuak garatu eta hobetzeko, udalerriaren hazkunde ordenatua, jasangarria eta irisgarria bermatzeko helburuarekin.

Izan ere, Debako 2025erako udal aurrekontuak Udalak debarren bizi-kalitatea hobetzeko duen konpromisoa indartzen du, Deba zein debarrei etorkizun hobea eskainiko dieten ekimen eta proiektuetan arreta jarriz, horiek baitira udalerriaren garapen orekatu eta iraunkorrerako funtsezko zutabeak.

Horretarako, 2025erako onartutako aurrekontuek hainbat inbertsio estrategiko aurreikusten dituzte, debarren bizi-kalitatea hobetzeko, tokiko zerbitzu publiko eta azpiegituren kalitatea bermatzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta Debako garapen urbanistikoa indartzeko asmoz.

“Aurrekontu honen onespenak, egungo beharrei erantzuteaz gain, hurrengo belaunaldien ongizateari ere begiratzen diote. Gure plangintzaren erdigunean pertsonak jarri ditugu, debarren bizi-kalitatea hobetzen duten eta Debaren etorkizuna ndartzen duten proiektuekin”, adierazi du alkateak. 

Debaren eta debarren etorkizunerako funtsezko inbertsioak

Inbertsio garrantzitsuenetako bat Debako Zaintza Ekosistema definitzea izango da. Adinekoen ongizaterako funtsezko proiektua da, eta haien beharretara egokitutako laguntza- eta arreta-sarea bermatzea du helburu. Beraz, udal gobernuak arreta berezia jarri nahi du Debak adinekoen etorkizunerako behar duen zaintza ereduaren definizioan. “Proiektu hau  funtsezko tresna izango da Deban inor atzean geratuko ez dela bermatzeko”, esan du alkateak. 

Bestalde, kultura-ekipamenduei buruzko azterketak Debako kultura-eskaintzarako etorkizuneko estrategia bat diseinatzen lagunduko du, baliabideak optimizatzeko eta egungo azpiegiturak herritarren beharretara egokitzeko asmoz. 

Udalerriaren eraginkortasun energetikoa eta jasangarritasuna hobetzera bideratutako jarduerak ere toki garrantzitsua dute 2025eko aurrekontuaren baitan. Horien artean daude Luzaron eguzki-plakak jartzea eta kale argiterian LED argiak jartzea, energia eraginkortasunaren eta jasangarritasunaren aldeko apustuan. 

Tokiko azpiegituren hobekuntzak ere leku nabarmena du aurrekontu honetan. Hondartza kalean eta Maspe kalean segurtasun-barandak jartzeko baliabideak bideratuko dira, udalerriko eremu horietan segurtasun handiagoa bermatzeko. Halaber, Zaraten Mapa eta bibrazioen neurketak egingo dira Deba-Itziarko enpresa-parkean, eta, horri esker, erabaki informatuak hartu ahal izango dira ingurunearen kalitatea eta bertan lan egiten dutenen lan-bizitza hobetzeko.

Deba eta Arronamendia lotzen dituen GR bidea hobetzeko partida bat ere bideratuko da; eta horrez gain, Irisgarritasun Plan bat ere egingo da, udalerria pertsona guztientzat irisgarria izan dadin. 

Hirigintza-sustapeneko inbertsioen barruan, Osio eta Amillagako hirigintza-proiektuetan aurrera egitea aurreikusten da, garapenerako eta etxebizitzarako aukera berriak bultzatzeko. Era berean, Udalak jarraipena emango dio Debako Etxebizitza Planari, udalerrian etxebizitza-politika biziberritzeko eta birbideratzeko helburuz. 

Era berean, Eguneko Zentroaren ordutegia asteburuetara eta jaiegunetara luzatzeko azterlana egitea, tokiko komunitate energetikoak sortzeko prozesuari jarraipena ematea edo udalerri osoko azterlan sozio-ekonomiko bat egitea ere jaso dira airrekontuaren baitan, EAJ-PNV, Orain Deba eta EH Bilduk sinatutako akordiotik eratorritako konpromiso gisa. 

Next Funtsetako inbertsioak 

Ekintza horiez gain, Next Generation EU funtsek finantzatutako beste hainbat inbertsio jasoko ditu Debak. Horien artean kokatzen dira, esaterako, paseo estalia egokitzea, Gudarien Plaza oinezkoentzat egitea, Kanalako bidea hobetzea, HABeko inbertsioak eta argiteria koadro elektrikoak eguneratzea udalerriko hainbat gunetan.

"Aurrekontu hauek ez dira zifrak hutsak, Debaren eta debarren etorkizunarekiko dugun konpromisoaren isla dira. Herritar bakoitza zaindua sentitzen den udalerria eraiki nahi dugu, aukera aniztasuna eta bizi kalitatea oinarri gisa dituen herria, alegia. Aurrekontu honek gure herria osatzen duten pertsona guztien beharretara egokitutako garapen orekatua bermatzen duten proiektu estrategikoetan aurrera egiteko aukera ematen digu. Herri irisgarriagoa, seguruagoa eta dinamikoagoa lortzeko bideari heldu diogu, eta ziur gaude elkarrekin Deba bizitzeko udalerririk onena izatea lortuko dugula", amaitu du alkateak.