Debako Udalak alokairurako dirulaguntza deialdia zabaldu du hobekuntza esanguratsuekin

2024ko urriaren 17aDebako Udalak alokairurako dirulaguntza deialdia zabaldu du hobekuntza esanguratsuekin

Oinarri berriek bizikidetza-unitatearen kontzeptua berdefinitzen dute eta onuradunen diru-sarrera haztatuen muga handitzen dute, Debako herritarren beharretara hobeto egokitzeko. Eskaerak azaroaren 14ra bitarte (hau barne) aurkeztu ahal izango dira, Udaleko erregistroan edo egoitza elektronikoaren bidez.

Debako Udalak 2024rako alokairurako laguntzen deialdia zabaldu du, alokairuan bizi diren herritarrei alokairuaren pisu ekonomikoa arintzeko helburuz. Udalak 23.000 euro bideratu ditu deialdi honetara eta laguntzak etxebizitzaren alokairuaren zati bat estaliko du, gehienez 12 hilabetez.

2024ko deialdiaren hobekuntza nagusiak
"Bizikidetza-unitatea"ren definizioa aldatu da, eta aurrerantzean, bizikidetza-unitatea etxebizitza berean bizi diren pertsona guztiek osatuko dute, ezkonduta egon, ala ez. Gainera, diru-sarrera haztatuen muga handitu da, lagun gehiagok jaso ahal dezaten dirulaguntza hau. 

Horrekin batera, aurrerantzean, udal-laguntzak Emantzipa programarekin bateragarriak izango dira, eta ez zaio, nahitaez horri uko egin beharko. Era berean, alokairuaren errentaren gehienezko muga kendu da, debar gehiagori laguntza eskuratzeko aukera emanez.

Onuradunak eta laguntza motak
Laguntzak Deban erroldatuta dauden pertsona hauei zuzenduta daude:

  • 18 eta 35 urte bitarteko gazteak.

  • 70 urtetik gorako pertsonak.

  • Mugikortasun urria duten pertsonak.

  • Bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonak, epailearen ebazpen irmoa dutenak.

  • Alargunak.

Era berean, Gizarte Zerbitzuek justifikatutako egoeretan, tutoretzapeko etxebizitza izateko eskubidea duten pertsonek ere laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta Udalak behar hori asetzeko baliabiderik ez badu.

Laguntzen zenbatekoa
Laguntzak etxebizitzaren alokairuaren zati bat estaliko du, bizikidetza edo familia-unitatearen urteko diru-sarreren arabera, eta, ez du, inola ere, hileko 300 euroko muga gaindituko. 

Laguntza horiek eskuratzeko, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Deban gutxienez bi urtez jarraian erroldatuta egotea.

  • Etxebizitzarik ez izatea, salbuespen batzuk izan ezik.

  • Urteko diru-sarrerak 30.000 eurotik beherakoak izatea, pertsona bakarraren kasuan, edo 38.000 euro baino gutxiagokoak, familia edo bizikidetza-unitateen kasuan.

Eskaerak azaroaren 14ra bitarte aurkeztu ahal izango dira (egun hori barne), udaletxean aurrez aurre edo egoitza elektronikoaren bidez. Laguntzak aurrekontua agortu arte emango dira, eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira.

Informazio gehiagorako edota eskabideak egiteko oinarriak zein eskaera formularioak udal webgunean daude ikusgai.