Debako Udalak udako surf ikastaroen eskaintza zabalduko du

2018ko ekainaren 26aDebako Udalak udako surf ikastaroen eskaintza zabalduko du

Programatutako surf ikastaroek izan duten harrera ona ikusita, Udalak eskaintza zabaltzea erabaki du. Momentuz, arratsaldeko txanda irekiko da uztaileko bigarren asterako.

Urtero bezalaxe, Debako Udaleko kirol sailak hainbat ikastaro eskainiko ditu aurtengo udaran ere. Batetik, surfa, body-boarda eta arraun surfa bezalako ur-kirolak egiteko aukera egongo da, hondartzan; eta bestetik, zumba edo krossfita, udal kiroldegian. Abuztuan, xakean jokatzeko aukera ere izango dute 6-12 urte bitartekoek.

Surf ikastaroei dagokienez, Udalak eskaintza zabaltzea erabaki du; izan ere, hasieran programatutako talde gehienak bete dira dagoeneko. Hortaz, arratsaldeko 5etako txanda irekiko du; momentuz, uztaileko bigarren asterako (uztailak 9-13). Talde hau ere betetzen bada, arratsaldeko txanda datozen asteetan ere jartzea baloratuko du.

Izen-ematea turismo bulegoan egin beharko da. Horretarako, izen-emate orria dagokion bezala bete, eta eskuorrian azaltzen den kontu korrontean egindako transferentziaren ordainagiriarekin batera entregatu beharko da. Informazio gehiago behar izanez gero, deitu 943 19 24 52 telefonora edo idatzi turismoa@deba.eus helbidera.