Debako Zaintza Ekosistema proiektua aurrera doa eta bi lan saio gehiago jasoko ditu udazkenean
2024ko irailaren 24aDebako Udalak adinekoen bizi kalitatea hobetzera bideratutako Zaintza Ekosistema proiektu berritzailea bultzatzen jarraitzen du, eta datozen hilabeteotan, urriaren 2an eta azaroaren 6an, hurrenez-hurren, bi lan saio gehiago egingo dira, etorkizuneko urratsak zehaztu eta definitzeko.
Debako Udalak "Zaintza ekosistema" proiektuan lanean jarraitzen du. Ekimen horren helburu nagusia udalerriko adinekoen eta zaintzaileen beharrei eraginkortasunez erantzungo dien sistema integral bat sortzea da. Udazkenean, bi lan-saio berri egingo dira talde eragilearekin; horietan, lanketaren lehen fasea itxi eta Zaintza Ekosistema egikaritzeko beharrezko azpiegiturak definitzea da asmoa.
Funtsezko saioak urria eta azaroan: analisia eta etorkizuna
Lehenen saioa urriaren 2an egingo da, eta proiektuaren lehen fasean egindako lana berrikustea izango du helburu. Izan ere, orain arte hausnarketa eta azterketa saio ugari egin ditu talde eragileak eta horien berri eman zen joan den ekainaren 30ean debarrei zuzendutako aurkezpen irekian. Bertan, herritarrek beren ideiak eta iradokizunak aurkeztu ahal izan zituzten horretarako ezarritako postontzietan. Urriaren 2ko saioan, proposamen horiek guztiak partekatu, aztertu eta eztabaidatuko dira, lehen lan-ziklo honi amaiera emateko.
Bigarren saioa azaroaren 6an izango da, eta helburu izango du Zaintza Ekosistemari lotutako azpiegiturak irudikatzea eta definitzea. Hala, lan saio honen bitartez adinekoak eta zaintzaileak erdigunean jarriko dituen sistema berritzailea gauzatzeko beharrezkoak diren zerbitzuen eta euskarrien ezaugarriak zehaztuko dira.
Orain arteko ibilbidea
Zaintza Ekosistema proiektua abiatu zenetik udalerriko hainbat eragilek hartu dute parte proiektuan, jakintza-alor anitzeko talde eragile bat osatuz. Talde hori, ordezkari politikoek, gizarte-zerbitzuetako langileek, osasuneko profesionalek eta komunitateko kideek osatzen dute eta prozesuaren buru izan da, zaintza arloan aditua den Matia Institutuaren laguntzarekin. Orain arte, sei lan-saio egin dira hamar hilabetean, ekosistema hori garatzeko ardatz estrategikoak eztabaidatu eta definitzeko.
Proiektuak herritarren inplikazio zuzena ere izan du eta Udalak zabaldutako inkesta baten bitartez, herriko zaintza-eredua aldatzeko beharrari buruzko adostasun zabala erakutsi dute debarrek. Jasotako kezka nagusien artean, bakardadea, baliabide ekonomiko eza eta zaintzaileentzako arreta eta laguntza hobetzeko beharra dagoela nabarmendu dituzte.
Zer da Zaintza Ekosistema bat?
Zaintzaren ekosistema eredu komunitario eta kolaboratiboa da, eta helburu du adinekoei laguntzeko eta zaintzeko zerbitzuak modu integralean indartzea. Hala, adinekoen beharrei duintasunez erantzungo zaiela bermatu nahi du Zaintza Ekosistemak, haien bizi-kalitatea hobetuz eta udalerriko gizarte-ehuna indartuz. Ikuspegi berritzaile horrek adinekoak eta haiek zaintzen dituztenak erabakien erdigunean jartzen ditu, erakundeen, gizarte-zerbitzuen eta gizartearen arteko erantzunkidetasuna bultzatuz.
Proiektu honen bidez, Debako Udalak herriko zaintza eredua errotik aldatu nahi du, adinekoen ongizatea gizarte osoaren lehentasuna dela erakutsiz. Bide horretan, Debako Zaintza Ekosistemarekiko duen konpromisoa berresten du, nagusien arretaren eta zaintzaren etorkizunerako funtsezko urratsa dela aitortuz.