Deban erosteak saria izango du urrian, Debalai ginkanarekin

2024ko urriaren 3aDeban erosteak saria izango du urrian, Debalai ginkanarekin

Ekimen honen bitartez, kartilla moduko bat zigilatu behar da Debalai ginkanan parte hartzen duten 6 establezimendu desberdinetan egindako erosketekin. Bezeroek 400 euroko lehen sari bat eta 100 euroko lau sari irabazteko aukera izango dute eta parte hartzeko azken eguna urriaren 29a izango da.

DEBALAI, Debako Merkatari eta Ostalarien Elkarteak, Debako Udalaren babesarekin, GINKANA bat jarri du martxan tokiko merkataritza sustatzeko asmoarekin. Hala, ekintza honen bitartez, ginkanan parte hartzen duten establezimenduetan erosteak saria izango du.

Debalai Ginkana urrian zehar garatuko da eta horretarako, herriko saltoki desberdinak atxiki dira ekimenera.  Bezeroek kartilla moduko bat izango dute eskuragarri parte hartzen duten saltoki horietan eta ginkanara atxikitako establezimendu batean erostean, kartilla hori zigilatzeko eskatu beharko dute.

Helburua da kartilla ginkanan parte-hartzen duten 6 establezimendu desberdinetan egindako erosketa-zigiluekin betetzea. Behin kartilla osatuta, ekimenera atxikitako edozein dendetan utz daiteke eta nahi izanez gero, beste kartilla bat osatzeari ekin diezaiokete debarrek. Geroz eta kartilla gehiago osatu, sariak irabazteko aukera gehiago izango dituzte bezeroek.

Sariei erreparatuz, bezeroek 400 euroko lehen sari bat eta 100 euroko lau sari irabazteko aukera izango dute. Sari hauek erosketa bono gisa emango dira, Debako dendetan kontsumitzeko. Debalai ginkanan parte-hartzeko azken eguna urriaren 29a izango da, eta zozketa urriaren 30ean egingo da.

Modu horretara, Debalai Ginkanak helburu bikoitza betetzen du: Debako merkataritza dinamizatzea eta tokiko kontsumoa sustatzea, debarrei erosketak egiteko modu erakargarria eskainiz eta, aldi berean, bezeroen eta tokiko saltzaileen arteko harremanak indartuz.