Ekintza programa zabala prestatu du Debako Gaztelekuak abendurako

2024ko azaroaren 27aEkintza programa zabala prestatu du Debako Gaztelekuak abendurako

Programak honako ekintzak hartzen ditu barne: sukaldaritza tailerrak, kirol ekintzak, hala nola ping-pong, kriketa edota dardoak, irteerak Txuri Urdin izotz-pistara eta Bilboko Gabon Parkera zein sorkuntza tailerrak eta sexu hezkuntzako saioak ere. Jaiegunetan, halaber, hau da, abenduaren 23tik urtarrilaren 5era, Gaztelekuaren ordutegia luzatu egingo da eta zabalik egongo da astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara eta ostiraletik igandera 17:00etatik 20:30era.

Debako gaztelekuak ekintza egitarau zabal bezain anitza antolatu du datorren hilerako, gazteei zuzendutako aisialdia eta ikaskuntza uztartuz. Ohiko moduan, beraz, abenduan ere gazteen sormena, parte-hartzea eta harremantzea sustatzeko jarduerak eskainiko dira Gaztelekuan. 

Hala, abenduko egitarauak sukaldaritza tailerrak, kirol ekintzak, hala nola ping-pong, kriketa, dardoak eta gaztekirola, mural baten sorkuntza jasotzen ditu, besteak beste. Era berean, sexu hezkuntzako saioak eta Txuri Urdin izotz-pista eta Bilboko Gabon Parkera irteerak ere antolatuko dira. Jarduera ia guztiak doakoak dira (irteerak izan ezik) eta 12-17 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Irteerei dagokionez, informazio eta baimen orriak datorren astetik aurrera izango dira eskuragarri Gaztelekuan bertan eta Mendata ikastetxean ere banatuko dira. Hauetarako izen-ematea abenduaren 15ean amaituko da. 

Gabonetako oporraldian ordutegia luzatuko da

Gabonetako oporraldiari begira, Gaztelekuak ordutegia luzatuko du. Abenduaren 23tik urtarrilaren 5era, astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta ostiraletik igandera 17:00etatik 20:30era. Hala ere, abenduaren 24, 25 eta 31n, baita urtarrilaren 1 eta 4an ere, itxita egongo da.

Jarduera nabarmenenak:

  • Sukaldaritza tailerrak: abenduaren 5, 12 eta 19an.
    Kirol ekintzak: Kriketa Bergaran abenduaren 7an, ping-pong abenduaren 8an, dardo jokoa abenduaren 15ean, gaztekirola abenduaren 10 eta 17an, jumpyard abenduaren 27an eta gaztekirola (futbola) urtarrilaren 3an Elgoibarren.
    Irteerak: Txuri Urdin izotz-pista abenduaren 23an eta Bilboko Gabon Parkera abenduaren 30ean.
    Beste jarduera batzuk: Euskaraoke, bingo, muralaren sorkuntza, pintxo txapelketa, sexu hezkuntzako saioak…

Informazio gehiagorako, deitu 943 192 762 telefonora edo idatzi debakogaztelekua2@gmail.com helbidera.