Errenta aitorpena euskaraz egiteko deialdia egin du Debako Udalak
2023ko apirilaren 11aHerritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi du UEMAk, eta horien artean, errenta aitorpena ere euskaraz egitea. Horretarako, aurreko urteetako bideari jarraituz, hautu hori sustatzeko kanpaina hasiko dute UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean, tartean Debako Udalak.
Apirilaren 3an hasiko da errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina Gipuzkoako foru ogasunean, eta ekainaren 30era arte iraungo du. Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko.
Izan ere, azken urteetan errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik. Deban, esaterako, 2021eko ekitaldian egin ziren 2.900 errenta aitorpenetatik 829 egin ziren euskaraz eta 2.071 beste hizkuntzetan.
Administrazioa euskalduntzeko bidean eredu izan nahi du UEMAk, eta bide horretan, garrantzitsua da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Udalen eta hainbat erakunde publikoren arteko elkarlana ez ezik, herritarren babesa eta parte hartzea ezinbestekoa da horretarako, eta hautu horretan eragin nahi du UEMAk aurten ere kanpaina honekin.
Nola egin Foru Ogasunarekiko euskarazko hizkuntza hautua:
• Errenta kanpainaren barruan.
Ogasunarekiko harreman hizkuntza euskara hautatzeaz eta aitorpena bera euskaraz betetzeaz gain, aukera interesgarria da norberaren datuak Aldundiari lagatzea baimentzea, Diputazio osoarekiko harreman hizkuntza euskara izan dadin.
· Errenta mekanizatuko bulegoan. Zergadunak bere euskarazko hautua adierazten dio langile publikoari.
· Interneteko Zergabidea plataforman. Errenta aitorpena betetzean, hizkuntza aukera egiten da: Datu pertsonalak > Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza > Euskara.
· Gestorian. Zergadunak bere euskarazko hautua adierazten dio gestoreari.
• Urte osoan zehar.
Pertsona fisikoen 030 eredua (edo pertsona juridikoen 036
eredua) betetzean, euskarazko hautua markatzen da harreman hizkuntza moduan.
030 eredua Ogasuneko edozein bulegotan aurkeztu daiteke, edo Aldundiaren
erregistro zentralean (Donostiako Gipuzkoa plaza). Era berean, interneteko
Gipuzkoataria plataforman ere harreman hizkuntza aukeratu daiteke, “Ogasuna
eta Finantzak > Harremanetan jartzeko Ogasuneko datuak” atalean.
Aintzat hartzekoa da Foru Ogasunak autolikidazio proposamena herritarraren
hizkuntza hautuaren arabera bidaltzen duela.