Euskal Jaia ospatuko du Debak irailaren 28an

2024ko irailaren 17aEuskal Jaia ospatuko du Debak irailaren 28an

Txistulariak, joaldunak, buruhaundiak, dantzariak, trikitilariak… ekintza anitz antolatu du Debako Udalak beste urte batez euskal ohitura eta tradizioak ospatu eta horiez gozatzeko. Horrez gain, XII. Marmitako lehiaketa ere egingo da larunbatean, irailak 28, eta interesdunek Turismo Bulegoan eman beharko dute izena irailaren 26a bitarte.

Abuztuan San Rokeak ospatu ostean, iraila amaieran ere festa giroan murgilduko da Deba berriro, oraingoan, Euskal Jaia ospatzeko.

Irailaren 28an ospatuko du euskal ohitura eta tradizioei loturiko festa handia, horretarako antolatutako ekintza egitarau oparoarekin. 27an, baina, Kalean Kantuz egitasmoaren bitartez hasiko dira herria zein herritarrak girotzen, 19:30etik aurrera.

Irailak 28, Euskal Jaia eguna

Larunbatean, festak hartuko ditu Debako kaleak, goizetik hasita iluntzea bitarte. Hala, 11:00etan txistulariak arituko dira, kalez kale, eta 11:30ean, Zubietako joaldunak gehituko zaizkie kalejirara. 12:00etan Gure Kai dantzari taldea Musika Eskolako dantzariez lagunduta egongo da herriko kaleetan barrena dantzan eta 13:30ean, trikitilariek euskal musika eta doinuz beteko dituzte kaleak. 15:00etan, bazkari herrikoia egingo da Aldats pilotalekuan eta bazkalostean musika eta jai giroa ere ez da faltako, trikitilarien eskutik.

Arratsaldean, buruhaundiak gehituko dira Euskal Jaira eta musikak eta festak etenik izan ez dezan, 19:00etan ‘Que toque el de alao’ txarangak kalejira egingo du, herri guztia dantzan jartzeko. Egunari amaiera biribila jartzeko, 23:30ean erromeria egongo da Foruen Plazan, Sukar taldearen eskutik.

Amaitzeko, euskal ohitura eta tradizioak ospatzeko egun berezi honetan baserritarrez jazteko eskaera luzatu die Debako kultura-euskara batzordeak herritarrei.

XII. Marmitako lehiaketa

Euskal ohitura eta tradizioei jarraiki, Euskal Jai egunean, irailaren 28an, marmitako lehiaketa ere egingo da. XII. edizioa izango du aurtengoa eta 10:30ean emango zaio hasiera Plaza Zaharrean. Euria egingo balu, paseo estalira lekualdatuko da lehiaketa.

Parte hartzaileen kontura joango dira marmitakoa prestatzeko beharrezko elikagai eta bestelakoak, hala nola, sua, kazolak, atuna zein patatak. 14:30ean marmitakoa prest izan beharko dute eta plater bat aurkeztu beharko da ordurako. Sari banaketa bazkari herrikoiaren ostean egingo da.

Interesdunek irailaren 26rako eman behar dute izena Turismo Bulegoan. Informazio gehiagorako 943 19 24 52 telefonora dei daiteke.