Euskararen Plan Estrategikoa 2024-2034 aurkeztuko du Debako Udalak igandean, abenduak 15

2024ko abenduaren 5aEuskararen Plan Estrategikoa 2024-2034 aurkeztuko du Debako Udalak igandean, abenduak 15

Aurkezpena Plaza Zaharrean egingo da, goizeko 12:00etatik aurrera, eguraldi txarra eginez gero, klaustroan. Plana partaidetza-prozesu bitartez egin da eta prozesu horretan parte hartu dute udalerriko gizarte, hezkuntza, kirol eta kultur talde zein eragileek, Debak 10 urte barru euskarari dagokionez non egon nahi duen eta horretarako zein ekintza behar diren zehazteko.

Debako Udalak abenduaren 15ean aurkeztuko du jendaurrean 2024-2034 Euskararen Plan Estrategikoa, 12:00etan, Plaza Zaharrean egingo duen ekitaldi irekian. Aurkezpena epe luzerako diseinatua izan den proiektu honen abiapuntua izango da, eta hurrengo hamarkadan euskararen iraupena eta hedapena bermatzea izango ditu ardatz. 

Planaren helburu nagusia da Debako eguneroko bizitzako esparru guztietan euskararen erabilera indartzea. Dokumentua partaidetza-prozesu bidez egin da, eta udalerriko hainbat gizarte, hezkuntza, kirol eta kultura-talde zein eragilek hartu dute parte. Azken urteetan erabileran antzeman diren joerak identifikatu eta, erabilera hori areagotzeko, aurrera begira hartu beharreko erabakiak, bide eta estrategiak edota, arloz arlo, abian jar daitezkeen ekintza posibleak proposatzen ditu.

Aurkezpenean, beraz, Planaren helburuak eta horiek egikaritzeko datozen urteetarako definitutako ekintzak eta esku-hartze arloak azalduko dira; hau da, herrian eta debarren artean euskararen erabilera sustatzeko adostutako proposamen zehatzak.

Aurkezpena euskaraz egingo den arren, erakusketaren euskarriak euskaraz zein gaztelaniaz irakurri ahal izango dira, euskara biziberritzea nahi badugu, euskaraz dakitenak ez ezik, ez dakitenak ere inplikatzea ezinbestekoa izango da eta.

Plan hau herritar guztiei euskararen biziberritzean aktiboki inplikatzeko egiten zaien gonbita da, beraz.