Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria prest haur eta gazteentzako ehunka produktu berrirekin
2024ko azaroaren 21aEuskal Herriko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuek osatuta, horien artean Debako Udala, katalogoak 0-16 urte bitarteko haur zeinn gazteentzako produktuak jasotzen ditu: ipui zein liburuak, jokoak, musika… KATALOGOA.EUS web-orriak, aldiz, 7.700 produkturen erreferentziak jasotzen ditu dagoeneko
Urteko garai hau seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskal Herriko udal eta mankomunitatetako 100 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok, horien artean, Debako Udaleko euskara zerbitzuak, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez. Aurtengoa 26. edizioa da.
Aurtengoan, gainera, bai web orriak zein paperezko edizioak, itxura berriak estreinatu dituzte biek, eta jasota dituzten produktuak bi ataletan dituzte sailkatuak: atal bat 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua dago, eta bestea 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin.
Paperezko edizioak 50.000 ale
Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 50.000 aleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Azkeneko urteotan egin den modu berean, paperean editatzen den katalogoak aurten ere bi azal izango ditu: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Aurkezpen honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen KATALOGOA.EUS web-orrian jasota dauden produktu berri guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.
Maiz eguneratzen den web orriak milaka produktu ditu eta bat erosi nahi izanez gero, produktuan klik eginez argitaletxeen denda birtualetara sartzeko aukera ematen du
KATALOGOA.EUS maiztasunez eguneratzen den web orria da, argitaratzen diren produktu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta, finean, KATALOGOA.EUS bizi-bizirik dago. Orain 7.700 produktu inguru biltzen ditu 2 atal nagusien artean. Paperezko edizioak bezala, KATALOGOA.EUS web orriak ere bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea.
Eta ez hori bakarrik, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen, adin tartearen edota prezioaren arabera bistara daitezkeelako. Azkenean, erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta.
Buletin elektronikora harpidetuta, nobedadeen segimendua egin daiteke urte osoan
Azken nobedadeen berri izan nahi dutenei, KATALOGOA.EUS web orriak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen die. Hartara, harpidedunek urtearen buruan 10 buletin jasoko dituzte, argitaratu berri diren produktuen erreferentziekin. Izan ere, horixe baita KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko azken nobedadeak ere erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.