Gaztelekuko logotipoa berritzeko lehiaketa abiatu dute Debako Udalak eta Gaztelekuak

2024ko ekainaren 21aGaztelekuko logotipoa berritzeko lehiaketa abiatu dute Debako Udalak eta Gaztelekuak

Lehiaketa 2006-2011 urte bitartean jaiotako Deba zein Itziarko gazteei zuzenduta dago eta banaka edo taldeka parte hartzeko aukera izango dute. Interesdunek uztailaren 1a bitarte dute proposamenak aurkezteko, aurrez-aurre Gaztelekuan edota debakogaztelekua2@gmail.com helbidera bidaliz; sari gisa, Debalai elkartea osatzen duten dendetan gastatzeko 100€ko bonua emango da.

Debako Udalak eta Gaztelekuak azken honen logotipoa berritu nahi dute eta berritze prozesu horretan gazteen parte-hartzea eta inplikazioa sustatze aldera, logotipo berria sortzeko lehiaketa jarri dute martxan. Lehiaketa hori 2006-2011 urte bitarteko Deba zein Itziarko gazteei zuzenduta dago eta horiek banaka zein taldeka parte-hartu ahal izango dute.

Logotipoaren ezaugarriak

Gazteen proposamenek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute eta ez da, inondik-inora, kopiarik onartuko. Logotipoak, halaber, irudia eta ondorengo testua jaso behar ditu: ‘Debako Gaztelekua’.

Irudia sortzeko teknika librea izango da eta gutxienez hiru kolore erabiltzea gomendatzen da. Lehiaketatik kanpo geldituko dira konnotazio sexista, arrazista, homofobo edo edonor mintzeko logotipoak.

Lanen aurkezpena

Interesdunek uztailaren 1a bitarte izango dute beren proposamenak aurkezteko, aurrez aurre, Gaztelekuko hezitzaileei emanez edota elektronikoki, debakogaztelekua2@gmail.com helbidera bidaliz. Azken kasu honetan mezuaren gaia ‘Logotipo lehiaketa’ izan beharko da eta mezuak parte-hartzailearen izen-abizenak eta harremanetarako kontaktua jaso beharko ditu.

Saria

Logotipo sariduna Debako Udaleko gazteria teknikariak eta zinegotziak osatutako epaimahaiak aukeratuko du eta irabazleak Debalai elkartea osatzen duten dendetan gastatzeko 100€ko bonua jasoko du. Irabazlearen izena ezagutzera emango da Debako Udal boletinean eta Gaztelekuko sare sozialetan.

Behin lehiaketa amaituta, logotipo irabazlearen jabegoa Udalarena izatera pasako da.