Ingurumen heziketa jarduerak burutu dituzte ikasle debarrek, udalerriko ingurune naturalaren inguruan kontzientziatzeko

2024ko urriaren 4aIngurumen heziketa jarduerak burutu dituzte ikasle debarrek, udalerriko ingurune naturalaren inguruan kontzientziatzeko

Horretarako hegaztien eraztunketa kanpaina egin dute Artzabal zein Itziarren. Iazko saioetan, esaterako guztira 55 hegazti harrapatu eta horietatik 12 espezie desberdin eraztundu zituzten.

Azken egunotan, ingurumen heziketa helburu duen hegaztien eraztunketa-kanpaina egin dute Artzabal zein Itziarren  Debako Herri Eskolako ikasleek. Aurtengoa seigarren urtea izan da ekimena egiten denetik, eta kanpainaren ardatz nagusia, aurreko urteetan bezala, udalerriko gaztetxoak inguru naturalaren aberastasunaz jabetzea izan da, bereziki Debako padurak eta Itziarko urmael inguruko biodibertsitatea ezagutzeko.

Kanpainaren esparruan, ikasleek txoriak gertutik behatzeko aukera izan dute. Hegaztien artean, martin arrantzalea izan zen haien arreta gehien erakarri duen espeziea, bere kolore ikusgarriengatik. Gainera, gazteek izugarrizko harridura erakutsi dute 15 gramoko txoritxo batek Sahara basamortua soilik bost egunetan zeharkatzen duela jakitean.

Ikasleek txorien identifikazioa, adina, sexua eta migrazio prozesuak bezalako kontzeptuak ulertzeko aukera izan dute. Datu horiek garrantzitsuak izan dira, baita Debako paduraren eta Itziarko urmaelaren osasun ekologikoa ezagutzeko ere, habitataren kalitate ona erakusten baitute.

Aurtengo emaitzak izan bitartean, (Aranzadi elkarteari bidaltzen zaizkio datuak), iazko saioetan 55 hegazti harrapatu ziren guztira, eta horietatik 12 espezie desberdin eraztundu ziren, horien artean amilotx urdina, erregetxo bekainduna, txio horia, zozoa, txantxangorria ...