Itsas hondakinen bilketa Ondarbeltz eta Itzurunen, datorren azaroaren 17an
2024ko azaroaren 14aHondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan eta Itsas Zaintza Sareak antolatuta, itsas hondakinak biltzeko 6 ekintza bateratu egingo dira igandean, azaroak 17, Gipuzkoako 6 herritan, horien artean Mutrikun eta Zumaian. Bilketa ekintza horietan parte hartu nahi duten debarrek aurrez izena eman beharko dute 619 814 225 telefonora deitu edo idatziz edo itsaszaintzasarea@mater.eus helbidera idatziz.
Azaroaren 16tik 24ra bitartean, Hondakinen Prebentziorako Europako Astea ospatuko da eta horren harira, Itsas Zaintza Sareak itsas hondakinak biltzeko 6 ekintza bateratu antolatu ditu datorren iganderako, azaroak 17.
Hala, bilketa ekintza horiek Pasaian, Donostian, Hondarribian, Zarautzen, Mutrikun eta Zumaian egingo dira, itsas hondakin metaketa gune estrategikoetan, sareko eragileen ezagutzari esker identifikatuak izan direnak. Datorren igande, beraz, itsasoa era zuzenean eta irekian kontserbatzeko data berezia izango da, ingurune naturala garbi mantentzeko eta hondakinek ingurumenean duten eraginari buruzko kontzientzia sortzeko.
Garbiketa lanak goizeko 11:00etan hasiko dira; lehenbizi hondakinak jaso eta ondoren horiek sailkatu egingo dira. Behar den materiala MATERek eramango du.
Ondarbeltz eta Itzurun hondartzak garbitzeko deialdia
Ekintza honetan parte hartu nahi duten debarrek Ondarbeltz eta Itzurun hondartzetan hondakinak biltzeko aukera izango dute. Horretarako aurrez izena eman behar da itsaszaintzasarea@mater.eus helbidera idatziz edo 619 814 225 telefonora deitu zein idatziz (whatsapp).
Itsas Zaintza Sarea
Itsasoa bizi, gozatu eta ezagutzen duten 50 eragilek osatzen dute ITSAS ZAINTZA SAREA, itsasoa zaintzako sare berria. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak sortutako sarea itsasoaren kontserbazioan sustatzeko helburua du, inplikatutako eragileen ezagutza, ahalegina eta konpromisoa azpimarratuz.