José Ángel Romano Perezek Deban aurkeztu zuen atzo bere azken eleberria
2016ko ekainaren 7aAgirre jauregiko Ispiluen Gelan ospatu zen atzo “Pompilio Madrigal” liburuaren aurkezpena. Jende asko hurbildu zen idazlearen lan berria ezagutzeko asmoz.
José Ángel Romano Perez idazle argentinar espainiarra Deban izan genuen atzo bere azken eleberria, “Pompilio Madrigal”, aurkezten. Ekitaldia Agirre Jauregiko Ispiluen Gelan izan zen arratsaldeko 7etan. Debako alkatea, Pedro Bengoetxea, bertan izan zen José Ángel Romanori ongietorria eman eta bere liburuaren aurkezpenari bide emateko. Jende ugari hurbildu zen bertara egilearen kontakizunekin gozatzeko asmoz. Izan ere, bere eleberrian gertatu ohi den bezala, kasualitatez beteriko hainbat istorio kontatu ziren atzoko aurkezpenean ere.
Bisita honekin idazleak pendiente zuen ikasgaietako bat bete du. Hemen inoiz egon ez bada ere, bere eleberriaren pasarteetako batzuk Deban igaro dira eta herriaren deskribapen zehatza egitea lortu du bere izeba Pilarrek kontatutakoari esker.
Ekitaldia bukatu ondoren, “Pompilio Madrigal” eleberria erosteko aukera izan zuten bertaratutako ikusentzuleek.
“Pompilio Madrigal”
Istorio honetan zehar, bi argentinarren topaketa biziko dugu Madrilen. Eleberriko bi pertsonaiak aurrez aurre jarriko dira bakoitzaren egiazko nortasunaren aitzinean. Maitasuna, adiskidetasuna, filosofia, artea, musika, emandako hitzaren balioa, oroitzapen mingarrienak eta emakume baten erabaki ausarta dira nagusi nobela honetan, ohiko greziar tragediak gogora ekarriz.