Kulturalki bero dator negua Deban, zinema, musika eta beste hainbat ekitaldi uztartzen ditu kultur gidarekin

2024ko urriaren 31aKulturalki bero dator negua Deban, zinema, musika eta beste hainbat ekitaldi uztartzen ditu kultur gidarekin

Debako Udalak, herriko elkarte eta eragile desberdinekin elkarlanean, ekintza egitarau anitz bezian oparo antolatu du, adin guztietarako ekintza eta ekitaldiekin: zinema saioak, kontzertuak, irakurketa klubak, azoka bereziak, Gabonetarako eskaintza berezia…

Debako Udalak negu honetarako kultur ekitaldiz beteriko agenda oparoa aurkeztu du, zinema, musika, literatura eta beste hainbat ekintza uztartzen dituena. Guztira 30 jarduera baino gehiago izango dira, herritar guztientzat aukera zabalak eskainiz. Kultur ekintzen aniztasunari esker, beraz, Deban aurten negua kulturalki beroa izango da, eta herriko kaleak ekintzaz eta sormenez beteko dira.

Zinema arloan, astero zine saio bat hartuko du Debadezinek Kultur Elkartean, genero desberdinetako filmak eskainiz. Proiektatuko diren filmen artean, "Sala de Profesores" (irakasleen bizitzan oinarritutako drama), "El Clan de Hierro" (thriller psikologikoa), "La Joven y el Mar" (abentura inspiratzailea) eta "Rivales" (kirol drama) nabarmentzen dira. Abenduan, berriz, "Black is Beltza" (animazio politiko eta soziala), "Fallen Leaves" (komedia dramatikoa), "La Trenza" (hiru emakumeren inguruko drama hunkigarria) eta "Perfect Days" (eguneroko bizitzaren inguruko hausnarketa poetikoa) filmak izango dira ikusgai. Gainera, dokumental ziklo bat ere eskainiko da, tokiko eta historiko gaiak jorratuz, eta horren ostean solasaldiak egingo dira, hausnarketa eta eztabaida bultzatzeko.

Musika arloan, Loreto Aramendik Santa Maria elizan organo kontzertua eskainiko du Gipuzkoako Organoak zikloaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Fray Joseph Echevarria Elkartearekin elkarlanean antolatutako zikloa, alegia. Debako musika bandak ere bere ohiko kontzertua emango du, pieza klasikoak eta herrikoiak uztartuz, eta Aitzuri abesbatzak kaleak alaituko ditu bere kalejira musikatuarekin. Abenduan, Idoia Asurmendi abeslariak kontzertu berezia eskainiko du, euskal musika tradizionala eta estilo garaikidea uztartuz. Horrez gain, Musika eta Dantza Eskolako ikasleek Gabonetako kontzertu hunkigarria emango dute Plaza Zaharrean, gazteen talentua ospatuz.

Literaturak ere izango du bere lekua negu honetan. Izan ere, datozen hilabeteotan Sibilla Aleramoren "Una Mujer" eta Ramon Saizarbitoriaren "Bi bihotz, hilobi bat" izango dira irakurgai eta aztergai. Irakurleek, beraz, bi obra horien inguruan hausnartzeko eta ideiak partekatzeko espazioa izango dute azaro zein abenduan. 

Azaroaren 25ean ere, Deba emakumeen aurkako indarkeriaren aldeko borrokara atxikiko da
Aurten ere, gizarte-konpromisoak protagonismo berezia izango du. Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, alegia, elkarretaratzea egingo da Foruen plazan berdintasunaren aldeko babesa agertzeko, Debako talde feministak antolatuta. Horrez gain, hilaren 19tik 16ra bitartean, QR bidezko ginkana bat ere egingo da 12 urtetik gorako gazteentzat, Debako Udalak antolatuta. 

Gabonetarako eskaintza berezia
Abenduan, noski, Gabonak izango dira protagonista. Hala, ekintza eta ekitaldi desberdinak jasotzen ditu Kultur Gidak egun berezi horien bueltan; Gabonetako azoka, urte berriko feria, San Silbestrea, haur-parkea eta Olentzero eta Mari Domingiren iritsiera Plaza Zaharrera izango dira ekitaldi nagusiak, baita urtarrilean ospatuko den Errege Magoen kabalgata ere. 

Horrez gain, Gabonetako balkoi, leiho eta fatxaden lehiaketaren II. edizioa ere egingo da aurten. Lehiaketa honen xehetasunak, baina, aurrerago jakinaraziko ditu Udalak. 

“Udaletik ilusio handiz osatu dugu neguko kultur gida hau, herritar guztiek kultur jarduera anitzez gozatu ahal dezaten. Negu hau topaketa, hausnarketa eta guztiontzako gozamenerako izatea nahi dugu, horretarako adin eta gustu guztientzako proposamenak eskainiz”, amatu du Alazne Txurrukak, Debako alkateak.