Plaza libreak Eskola kirolean eta patinaia zein pilota eskoletan

2024ko urriaren 8aPlaza libreak Eskola kirolean eta patinaia zein pilota eskoletan

Eskola kirolean izena emateko interesa dutenek egun eta ordutegi desberdinak dituzte oraindik aukeran, plazak bete arte, Deban zein Itziarren Patinaiari dagokionez, oraindik badira hainbat plaza libre astelehenetan eta pilota eskolan, aldiz, ostegunetan.

Ikasturte berria hastearekin batera, ekin zaie, baita ere, debako haurrei zuzenduriko jarduera eta kirol programa desberdinei ere, hala nola, eskola-kirolari, kirol modalitate desberdinak batzen dituen kirol ekimenari, alegia. Eskola-kirolaren helburua da, hain zuzen, haurren artean jarduera fisikoa eta kirolaren balio anitzak sustatzea. Horretarako, kirol-eskolaren bitartez kirol mota desberdinak jorratzen dituzte ikasleek ikasturtean zehar. 

Kasu honetan, ikasturtea hasia den arren, oraindik plaza libreak daude hainbat taldetan. Hala, interesa duten haurrek egun eta ordutegi desberdinak dituzte aukeran izena emateko, Deban zein Itziarren. 

Interesdunek esteka honetan kontsulta ditzakete Debako eta Itziarreko eskola kiroleko ordutegi eta egunak eta bertan eman dezakete izena. Interesa izanez gero galdetegia ahalik eta azkarren betetzea gomendatzen da, plazak mugatuak direlako. 

Kirol-eskolak: plaza libreak patinaia eta pelota-eskolan

Eskola kirolaz haratago, kirol eskola eta ekintza desberdinek ere ekin diote ikasturte berriari:  patinaia, futbola, pelota, saskibaloia...

Kasu honetan  patinaian edo pilotan parte-hartu nahi duten haurrek badute oraindik aukera, plaza libre gutxi batzuk gelditzen baitira oraindik aipatu bi modalitateetan bai Deban eta baita Itziarren. 

Deban, patinaian, esaterako, astelehenetan 17:00-18:00ko ordutegian daude plaza libreak LH 3 eta LH6 bitarteko haurrei zuzenduta. Pilota eskolan, halaber, ostegunetan, 16:15-17:15era LH 3 eta 4ko ikasleentzat eta 17:15etik 18:15era LH 5 eta 6koentzat. Bi jarduerak Aldats pilotalekuan egingo dira. 

Era berean, Itziarren pelotan jokatzeko plaza libreak daude ostegunetan, 16:15-17:15 bitartean LH 3 eta 6 bitarteko haurrei zuzenduta. 

Parte-hartzeko baldintzak

Eskola kirolean parte-hartu ahal izango du LH 1etik LH6ra bitarteko haur orok, baldin eta plaza libreak dauden. 

Kirol-eskoletan parte-hartzeko baina, dela patinaia, dela pelota edo beste edozein kirol, ezinbestekoa da eskola-kirolean ere izena emanda egotea, gutxienez, saio batean. 

Horrez gain Deba eta Itziarko eskola kiroleko blogean izena ematea ere gomendatzen da. Izan ere, blog hori da eskola kirolari loturiko taldeen inguruko informazioa edota edozein aldaketa edo abisu jakinarazteko kanal ofiziala.