Tene Mujika 2024 beka eskatzeko azken egunak

2024ko abenduaren 5aTene Mujika 2024 beka eskatzeko azken egunak

Interesdunek abenduaren 9a bitarte izango dute proposamenak aurkezteko epea, euskara@deba.eus helbidera bidaliz. Berrikuntza gisa, aurtengo edizioan, 6.000€tik 8.000€ra zabaldu da bekara bideratutako dirulaguntza.

Dagoeneko amaitzear da Tene Mujika bekaren XIX. ediziorako eskabideak aurkezteko epea. Izan ere, abenduaren 9a izango da proiektuak aurkezteko azken eguna. Parte-hartzaile bakoitzak idazlearen curriculum labur bat, proiektuaren deskribapena (3 eta 6 orrialde artekoa) eta 15 eta 20 orrialde arteko lagin bat aurkeztu beharko ditu, posta elektronikoz euskara@deba.eus helbidera.

Tene Mujika Beka, Debako Udalak urtero, Elkar argitaletxearekin batera bultzatzen duen ekimena da. Deialdi honen helburu nagusia da Euskal Herriko historia hurbilarekin zerikusia duten gaiei buruzko euskarazko literatur sorkuntza sustatzea. Gainera, aurtengo edizioan, bekaren dirulaguntza, 6.000 eurotik 8.000 eurora.

Hala, Tene Mujika beka Euskal Herriko azken 60-70 urteetako pertsona, talde, gertaera edo mugimendu garrantzitsuen bizitzan sakonduko duten euskarazko lanak sortzera zuzenduta dago. Onartutako modalitateetan jasoak daude, esaterako, biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakera, elkarrizketak edo ikerketak. Eduki aldetik, idatziak ezin du fikziozkoa izan, baina garapenean lanketa literarioa egitea posible da. Lanek, noski, orijinalak eta argitaragabeak izan behar dute.

Sariduna epaimahai bitartez erabakiko da, Kristina Berasain, Eneko Bidegain eta Cira Crespok osatuta. Testuaren kalitatea eta proposatutako gaiaren interesa baloratuko dira nagusiki. Epaia 2025eko urtarrilaren 10ean jakinaraziko da eta aurkeztutako proiektuetako bat ere ez bada espero den kalitate-mailara iristen, epaimahaiak deialdia bete gabetzat emango du.

Irabazleak urtebeteko epea izango du lan osoa entregatzeko. Hala, bekaren zenbatekoaren erdia jasoko du izendatua izatean, eta gainerakoa azken lana entregatu eta epaimahaiak onartzean. Elkar argitaletxea arduratuko da argitalpenaz, sarituarentzat ohikoak diren egile-eskubideak bermatuz.

Deialdi honek Debako Udalak eta Elkarrek kultura eta euskara sustatzeko duten konpromisoa berresten du, Euskal Herriko historia hurbila ezagutzen lagunduko duen literatura sortzea bultzatuz.