Udal kiroldegiaren kudeaketa integralaren lizitazioa zabaldu du Debako Udalak
2024ko maiatzaren 31aZerbitzu desberdinen eskaintza eta hainbat kirol-instalazio kudeaketa jasotzen ditu deialdia. Proposamenak aurkezteko epea uztailaren 10ean amaituko da.
Debako Udalak udal kiroldegiaren kudeaketa integralerako lizitazio prozesua ireki du. Deialdi honen helbudua da Debako kirol instalazioetan zerbitzu eskaintza zabala bermatzea, erabiltzaileentzako arretaren eraginkortasuna eta kalitatea sustatuz.
Zerbitzuak eta instalazioak
Enpresa esleipenduna funtsezko hainbat zerbitzuz arduratuko da, honako hauek barne:
1. Kirol-jarduerak: Hainbat kirol-jarduera eskainiko dira, hala nola indoor zikloa, pilates zorua, pilates reformer, aeropilates, fitboxe eta arte martzialak, H.I.P.T (crossfit), multifitness, arraun indoorra, dantza, hirugarren adinekoentzako gimnasia eta entrenamenduen plangintza fitness aretoan.
2. Harrera-zerbitzua: Harrerako langileak kiroldegiko erabilera-araudia betetzeaz eta betearazteaz arduratuko dira, baita erabiltzaileei arreta eta aholkuak eskaintzeaz ere.
3. Komunikazio eta administrazio zerbitzua: Zerbitzu honetan, besteak beste, kobrantzak, itzulketak eta gorabeherak kudeatuko dira.
4. Koordinazio-zerbitzua: Zerbitzu honen arduretako batzuk hauek izango dira: gorputz- eta kirol-jarduerak koordinatzea, klubek espazioak erabiltzea, espazioen erabilerari buruzko erabakiak hartzea, udal-teknikariekin bilerak antolatzea eta obrak eta konponketak gainbegiratzea.
5. Mantentze-zerbitzua: Zerbitzu hau makinak eta kirol-instalazioak mantentzeaz eta konpontzeaz arduratuko da, baita instalazioak makina espezializatuekin garbitzeaz ere.
6. Kirol-orientazioko zerbitzua: Zerbitzu hori, besteak beste, osasun-zentrotik eta Gaztelekutik bideratutako pertsonak artatzeaz ardutaruko da, egoera fisikoa ebaluatzeko eta jarduerak agintzeko.
Zerbitzuaren parte izango dira, halaber, ondorengo instalazioak: aldagelak eta komunak, kirol-aretoak, tenis-pista, saunak, eta hainbat areto eta biltegi.
Ordutegia
Kiroldegia zabalik egongo da ondorengo ordutegian
· Astelehenetik ostiralera: 08:30 - 12:30 eta 15:00 - 21:30
· Larunbatetan: 09:00 - 13:00 eta 16:00 - 20:00
· Igandetan eta jai egunetan: 09:00 - 13:00
Urteko plangintza
Kontratistak urteko lan-programazioa aurkeztu beharko du ikasturte bakoitzaren hasieran Debako Udaleko Kirol Zerbitzuak onar dezan. Plangintza horretan urte osorako zehaztutako jarduerak eta kirol instalazioen egutegia jaso beharko ditu, itxiera-egunak barne. Hala, onartutako programazioan edozein aldaketa egiteko, Debako Udaleko Kirol Zerbitzuak baimena eman beharko du.
Proposamenak aurkezteko epea
Lizitazioan parte hartu nahi duten enpresek 2024ko uztailaren 10a arte dute epea beren proposamenak aurkezteko. Eskaintzak aurkezteko behar diren agiriak eta plegu teknikoak Debako Udalaren kontratatzailearen profilean daude. Proposamenak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez.
Kontratuak 3 urteko iraupena izango du, urtebetez luzatzeko aukerarekin eta lizitazioaren prezioa 879.338,84 eurokoa da.
Lizitazio prozesuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, enpresak Debako Udaleko Idazkaritzarekin harremanetan jar daitezke idazkaritza@deba.eus helbide elektronikoaren bidez edo kontratatzailearen profila kontsultatu Debako Udalaren webgunean.
Ekimen honekin, Debako Udalak kalitatezko kudeaketa eraginkorra bermatu nahi du kiroldegian, herritar guztientzako kirol ingurune osasungarria eta irisgarria sustatuz.