Valentziako gertakarien harira, Debako Udalak bat egiten du eta jarraipena emango die herritarrek erakutsitako elkartasuna antolatzeko EUDELek ezarritako irizpideei
2024ko azaroaren 5aEuskadiko erakundeak, horien artean Debako Udala, modu koordinatuan ari dira lanean laguntza Valentziara modu antolatuan eta benetako beharrei erantzunez bidaltzeko. Debako Udalak bere elkartasuna eta babesa adierazi die DANAren eraginez kaltetuak izan diren valentziar guztiei.
Urri amaieraz geroztik eta DANA baten ondorioz Valentziako erkidegoa bizitzen ari den krisi-egoeraren aurrean, Debako Udalak bat egiten du eta jarraipena emango die herritarrek erakutsitako elkartasuna antolatzeko EUDELek ezarritako irizpideei.
Euskadi beti izan da gizarte solidarioa, baita orain ere, eta beste erakundeak ere solidarioak dira. Baina elkartasunak egokia eta eraginkorra izan behar du, eta horretarako, ezinbestekoa da elkartasuna antolatua izatea. Horregatik, Euskadiko erakundeak, horien artean, Debako Udala, modu koordinatuan ari dira lanean laguntza Valentziara modu antolatuan eta benetako beharrei erantzunez bidaltzeko.
Horri lotuta, tokian bertan jarduten ari diren instituzio eta erakundeek esaten dutenari erreparatuz, une honetan, lagundu nahi izanez gero, erakunde horiek emandako kontuen bidez dirua bidaltzea gomendatzen da. Aurrerago beste laguntza batzuk beharko dira, hondamendiaren eragina luzatu egingo baita.
Horrela, Valentziako Generalitateak lagundu nahi duten herritarren eta elkarteen eskura atari hau jarri du SOM SOLIDARITAT DANAk kaltetutako pertsonentzako laguntzak eta dohaintzak bideratzeko. Eskari bera egiten du FEMP-ek (Federación Española de Municipios y Provincias) “logistika eta biltegiratze arazoak” direla eta.
Horren harira, ondorengo gomendioak helarazi ditu EUDELek:
ZER EGIN?
Egoeraren eta beharrizanen berri jaso
Egoera hauei erantzuteko gai diren eta eragindako eremuetan presentzia duten erakundeei dohaintza ekonomikoak egitea
Egoera honetan laguntzen duten euskal erakundeetan boluntario egitea
ZER SAIHESTU?
Gauzazko dohaintzak egitea
Norbere kabuz jardutea, larrialdietan eta ekintza humanitarioan espezializatutako erakundeekin harremanetan jarri gabe
Kaltetutako eremuetara joatea
GOGORATU
Elkartasunak eraginkorra eta denboran jarraitua izan behar du.
Eskertza herritarren elkartasunari
Edozein kasutan, Debako Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, DANAren eraginez kaltetuak izan diren valentziarrei laguntzeko azaldutako prestutasunagatik. Horren baitan, Arbil jubilatu elkarteak produktuak jasotzeko martxan jarritako bilketa puntua nabarmendu du Debako Udalak.
Puntu hau jubilatuen elkartean bertan kokatu da, azaroaren 5etik 8ra bitartean eta bertan, lehentasunezko gaiak bilduko dira, hala nola: heldu eta haurrentzako pixoihalak, linternak, pilak, mantak, eskuoihalak, garbiketa produktuak, eskularruak eta maskarillak. Bilketa puntuaren ordutegia 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 bitartekoa izango da.
Kasu honetan, azaroaren 8a bitarte jasotako produktu guztiak Eibarko ertzain-etxera bideratuko dira, ertzainek, Valentziako Generalitatearekin elkarlanean, behar gehien duten herrietara bideratu ditzaten.
“Debako Udalak ikaragarri eskertzen du debarren elkartasuna eta eskuzabaltasuna, eta Valentziak eta valentziarrek une honetan bizi duen krisi-egoeraren aurrean herritar guztiak gonbidatzen ditugu, ahal duten neurrian, noski, eta erakundeek ezarritako irizpideen baitan, ekimen honetan laguntzen jarraitzera eta, guztiok elkarrekin, valentziarrei elkartasuna adieraztera”, adierazi dute Udaletik.