Lastur

Barnealderuntz jarraituz Lasturko bailaran sartuko gara; oinez, presarik gabe, bisitatzea merezi duen paradisu naturala.

Bailararen muturrean Lasturko San Nikolas gune txikia ezagutuko dugu. Auzogunea San Nikolas baseliza, errotak, pilotalekua eta hiruzpalau etxez osatuta dago; aterpetxea ere badago, eta bertan, karsta sakon ezagutzen lagunduko digun interpretazio gunea dago. Informazio panelen bitartez, argazki eta ilustrazioen bidez haranaren historia eta ohiturak, harriarekin izan duen lotura, bere ezaugarri geologikoak eta bertako biztanleen bizimodu eta tradizioak ere ezagutuko ditugu. Izan ere, haran honetan baserria, haitzuloak, ura, kareharria eta zezenak dira protagonista nagusiak.

Lastur 1335eko dokumentuetan aipatzen da jada, Alfontso XI. erregeak bailarako burdinolen eskariz, inguruko herri basoetan zuhaitzak ebakitzeko baimena emateko idatzian, alegia. Denbora igaro ahala, haran honetako burdinolak errota bihurtu ziren, eta egun, horren testigu dira Plazaola errotak. Bikain gordeak eta jardunean, bisitariak jasotzeko prest daude.

Plazatik bertatik, ermitaren ondoan, PR-46 edo Karstaren ibilbidea hasten da. Balio paisajistiko eta geologiko handiko mendi-bidea Geoparkearen bihotzean barrena.