Iraupena: 2h 15'
Luzera: 4,7 km
Zailtasuna: ertaina
Desnibela: 100 m
Desnibel metatua: 355 m
Hasiera: Itxaspe kanpina
Bukaera: Errotaberri landetxea
Itxaspe - Errotaberri (PR-Gi 5001)
Ibilbide honek biotopoko alderik ezkutatuen eta ikusgarrienera garamatza: Sakoneta eta Mendata gunea. Labarren ertzetik beretik aurrera doala, bidexka honek senaia bakartiak, harri zuriko murruak, ur-jauzietan isurtzen diren errekak eta Europako marearteko zabalgune handienetako bat bistaratuko dizkigu.
Iraupena: 2h 15'
Luzera: 4,7 km
Zailtasuna: ertaina
Desnibela: 100 m
Desnibel metatua: 355 m
Hasiera: Itxaspe kanpina
Bukaera: Errotaberri landetxea
Aitzuriko kobazuloak izen bereko lurmuturraren oinean daude, eta tamaina berdintsuko bi zulo handi dira; ahoa 15 metro inguru zabal eta 20 metro garai da bietan. Gertu dago Andutzeko faila, eta haren eraginez sortutako zenbait norabidetako zartaduretan zehar gertatu da, hain zuzen, higadura, bi kobazuloak sorrarazi dituena. Izan ere, zartadura horiek ahultasun-planoak izanik, itsasoak errazago erasotzen ditu, eta azkenean zulo horiek sortu dira geruzekiko paralelo. Erdi urperatuta dagoen burezur baten begi-zuloak omen dirudite bi kobazuloek.
Andutzeko faila Geoparkeko akzidente tektonikorik garrantzitsuenetako bat da, eta Mendatako puntan bereizten da ondoen. Failak Geoparkeko flyscharen bi unitate nagusiak bereizten ditu: Behe Kretazeoko flysch beltza, mendebaldean dagoena, eta Kretazeoko eta Tertziarioko sekuentzia, ekialdean dagoena. Kontaktu mekaniko horren ondorioz Geoparkeko itsaslabarrik deigarrienetako bat eratu da: Aitzuriko hormatzarra.
Biotopoko bi domeinu nagusien artean kokatutako begiratoki ezin hobea da Mendatagaina. Mendebaldean, flysch beltzaren geruzak kostaldearekiko azpi-paraleloan kokatuta ageri dira, eta horregatik, horiek modu homogeneoan higatzen dira. Ekialdean, kare eta hareharriz osatutako flyscha itsaslabarrarekiko lerro zutean dago kokatuta. Horren ondorioz, higadura desorekatua sortzen da. Haran esekiak Geoparkeko ezaugarri geomorfologiko bitxienetako bat dira, eta bertako itsaslabarren atzera-egite bizkorraren adierazgarri agerikoenetako bat ere bai. Azalpen erraza daukate. Itsaslabarrak higatzeko eta atzera egiteko prozesua bizkorragoa denean errekastoaren ibilgua higatzekoa eta zulatzekoa baino, itsaslabarrak irabazle-edo gertatzen dira, harana esekita geratzen da, eta errekastoko urak itsasora jauzi egitea beste aukerarik ez duenez, ur-jauzi txiki bat sortzen da.
Arantza sektoreko begiratoki ezin hobea da Portutxiki, biotopoko txoko ezkutuenetako bat. Arantzak euskal kostalde basatiaren esentzia erakusten digu, eta biotopoaren berezko elementu eta unitate guztiak erakusten dizkigu: flyscha, marearteko zabalgunea, itsaslabarrak eta landazabal atlantikoa.
Sakoneta hondartza biotopo guztiko leku erakargarrienetako bat da. Tamaina handiko hondartza hau bi lurmuturrek babesturik dago, horiek ilargierdiaren forma ematen diote, sarturik dauden hondartzen ezaugarria izaten dena. Uhinek zuzen jotzen dute itsaslabarraren oina, hori zulatu eta harri bloke handiak jautsarazten dituela. Bloke horiek pixkanaka-pixkanaka harri koskor bilakatzen dira, pilatu egiten dira eta berriro oinean jotzen dute labarra, itsasoaren higadura ahalmena areagotzen dutela. Itsaslabarren atzerakada hemen inon baino ageriagoa da, horien oinetan biotopoko marearteko zabalgune ikusgarriena hedatzen baita.
Portu kalea 1, 20820 Deba.
Telefonoa: 943 192 840 | Fax: 943 192 894
© Debako Udala. IFK P2003000C