2024-2034 Euskararen Plan Estrategikoa ezagutzeko erakusketa gidatuak eskainiko ditu Debako Udalak

2025ko urtarrilaren 7a2024-2034 Euskararen Plan Estrategikoa ezagutzeko erakusketa gidatuak eskainiko ditu Debako Udalak

Datorren urtarrilaren 14an eta 16an, ikusgai izango da Pleno Aretoan Euskararen Plan Estrategikoa aurkezteko sortutako materiala eta Planaren inguruko xehetasunak azaltzeko erakusketa gidatuak eskainiko dira, lehena euskaraz eta hilaren 16an, gazteleraz.

Joan den abenduaren 15ean aurkeztu zuen Debako Udalak 2024-2034 Euskararen Plan Estrategikoa, dokumentuaren osaeran parte hartu duten herriko gizarte, hezkuntza, kirol eta kultur eragile zein hainbat norbanakoekin batera.

Plan hau epe luzerako proiektua da eta helburu du herrian zein herritarren artean euskararen erabilera eta zabalkundea sustatzen eta indartzen jarraitzea. Hala, Euskararen Plan Estrategikoa atal desberdinetan dago banatuta eta hainbat esku-hartze arlo jorratzen ditu, hala nola familia, eskola edo hezkuntza, aisia, kirola, kultura eta sentsibilizazioa. Multzo horietako bakoitzak datozen hamar urteetan inplementatuko diren helburu eta ekintza zehatzak jasotzen ditu, herritar guztien artean euskararen erabilera sustatzeko.

Euskararen Plana ezagutzeko erakusketa gidatuak

Plan honen garrantzia aintzat hartuta eta honen edukiak debarren artean zabaltzeko asmoz, Debako Udalak erakusketa gidatuak eskainiko ditu datozen egunotan, hain zuzen urtarrilaren 14an eta 16an. Erakusketa udaletxeko pleno aretoan kokatuko da eta bertan ikusgai egongo dira Plana aurkezteko sortutako panel eta gainerako materialak, dokumentuak jasotzen dituen eduki eta helburu desberdinen inguruko ahozko azalpenez lagunduta.

Hauek dira erakusketa gidatuen ordutegiak:

· Urtarrilak 14, asteartea.- 12:00etan eta 18:00etan (euskaraz)

· Urtarrilak 16, osteguna.- 12:00etan eta 18:00etan (gaztelaniaz)