Amaikak-Bat Txirrindularitza Sariaren XLIX. edizioa ospatuko da larunbatean Deban

2025ko martxoaren 27aAmaikak-Bat Txirrindularitza Sariaren XLIX. edizioa ospatuko da larunbatean Deban

Lehiaketak honek Deba zein inguruko herrialdeak zeharkatuko ditu 80 kilometro baino gehiagoko ibilbidean. Lasterketak ibilgailuen zirkulazioari eragingo dio hirigunean eta hainbat garajeetarako sarbideetan.

Datorren larunbatean, martxoak 29, junior mailako Amaikak-Bat txirrindularitza sariaren XLIX. edizioa ospatuko da Deban. Proba hau, Amaikak-Bat kirol taldeak antolatuta eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak babebstuta, junior mailako lehen eta bigarren urteko txirrindulariei zuzenduta dago eta guztira 86 kilometroko ibilbidea izango du Deba eta inguruko herriak zeharkatuz.


Irteera 10:18an izango da, Foruen plazan, Lorea tabernaren ondoan. Lehen txirrindulariak 12:24 eta 12:30 artean helmugaratzea aurreikusten da, tropelaren batez besteko abiaduraren arabera. Sari banaketa 13:15etik 13:45era bitartean egingo da Foruen plazan, eta euria eginez gero, udaletxeko arkuen azpira lekualdatuko da.

Lasterketa Mendaro, Elgoibar, Itziarko gaina, Arroa, Aizarnazabal, Iraeta, Mutriku eta Kalbario gainetik igaroko da, eta horien artean mendiko sailkapenerako puntuagarriak diren hainbat mendate egongo dira. Lasterketa hainbat aldiz pasako da Debatik ibilbide osoan zehar.

Trafiko etenak

Proba dela eta, hainbat trafiko eten egongo dira egunean bertan:

  • Alde zaharrerako sarbidea itxita egongo da 08:30etik 14:00etara.
  • Hondartza kaleko aparkalekuetan ezin izango da 07:00etatik aurrera aparkatu.
  • Lasterketa Debatik igaroko den bi pasaldietan, zirkulazioa 10 minutu lehenago moztuko da, eta, azken pasaldia egin ondoren, berriz itxiko da, 12:25 inguruan.
  • Semaforoak horiz egongo dira lehiaketa osoan zehar.
  • Gainera, N-634 errepidetik gertu dauden garajeetarako sarrera-irteerak mugatuta egongo dira, larrialdi kasuetan izan ezik.