Artzabalgo aparkaleku publikoaren jarraipena hitzartu du Debako Udalak

2025ko urtarrilaren 17aArtzabalgo aparkaleku publikoaren jarraipena hitzartu du Debako Udalak

Espazioaren alokairu-kontratua berritu ondoren, debarrek zein bisitariek, herrigunetik gertu dagoen doako aparkalekuaz gozatzen jarraitu ahal izango dute. Kontratuaren berrikuntzak herritarren ongizatearekiko eta irisgarritasunarekiko udal gobernuak duen konpromisoa indartzen du.

Debako Udalak alokairu-kontratua berritu du Danobat S. Coop. enpresarekin, Artzabal auzoko aparkaleku publikoaren jarraipena eta erabilera bermatzeko.

Guztira 4.056,50 m²-ko azalera duen espazio hau ez da udal-titulartasunekoa; aitzitik, Udalak alokatu egiten du, debarrei zein bisitariei doako aparkaleku zerbitzu irisgarria eskaintzeko. Horren bidez, bereziki urteko zenbait momentutan hirigunetik gertu aparkatzeko egon daitezkeen arazoei erantzun nahi die Udalak. 

Hala, lursailak aparkaleku publiko gisa funtzionatzen jarraituko du kontratua indarrean dagoen bitartean, hau da, 2026ko abenduaren 31ra bitarte. Udalak bere gain hartuko ditu, orain arte bezala, aparkalekua egokitzeko, mantentzeko, garbitzeko eta aseguratzeko kostuak, eta espazioa modu egokian eta autonomia osoz kudeatzeko konpromisoa hartzen du. Horri lotuta, azpimarratu behar da Udalak, lurzoruaren baldintzak hobetzeko eta erabiltzaileei erosotasun handiagoa eskaintzeko, aparkalekuaren asfaltatzeko aukera planteatu duen arren, alokairu-akordioaren ezaugarriek mugatu egiten dutela tokian bertan jarduteko ahalmena.

Edozein kasutan, alokairu hitzarmena berritzeak udal gobernuak pertsonak bere politiken erdigunean jartzeko duen konpromisoa indartzen du, herritarren ongizatea eta erosotasuna hobetuko duten irtenbide praktikoak erraztuz. Zerbitzu horren jarraipena bermatzean, Debako Udalak kudeaketa hurbila, arduratsua eta udalerriaren eta inguruaren benetako beharrei erantzutera bideratua egitearen aldeko apustua berresten du.

Akordio hau berrituta, Artzabalgo aparkalekuak mugikortasuna eta irisgarritasuna sustatzeko funtsezko espazioa izaten jarraituko du, debarrek  zein bisitariek hirigunetik gertu aparkaleku publiko bat izaten jarraitu ahal izango dutela ziurtatuz.