Azaroaren 25aren harira ekintza egitarau zabala antolatu du Debako Udalak, genero-indarkeriari aurre egiteko konpromisoa berretsiz

2024ko azaroaren 13aAzaroaren 25aren harira ekintza egitarau zabala antolatu du Debako Udalak, genero-indarkeriari aurre egiteko konpromisoa berretsiz

Ekintza nagusien artean gazteentzako QR Gynkana, 'Brigada Callejera: La lucha de las trabajadoras sexuales en Chiapas' dokumentalaren emanaldia eta 'Sustraietatik Eraldatuz' haur literaturaren bidez berdintasuna sustatzeko dokumentalaren proiekzioa izango dira, guztiak herritarren inplikazioa eta kontzientziazioa bultzatzeko helburuarekin.

Azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da eta horren harira, Debako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu herritarren sentsibilizazioa eta konpromisoa sustatzeko. Ekintzak gazteei, helduei eta familiei zuzenduta daude, eta hausnarketa, parte-hartzea bultzatu eta elkartasunerako espazioak eskainiko dituzte guztientzat.

QR Gynkana Gazteentzat
Azaroaren 19tik 26ra, Debako kaleetan QR kode bidezko gynkana bat egingo da, 12 urtetik gorako gazteei zuzenduta. Parte hartzeko, kameradun mugikor bat eta internetera sarbidea behar dira. Parte-hartzaileek, banaka edo taldeka, herrian zehar jarraitu beharreko hainbat pista jasoko dituzte QR kodeen bidez, eta modu dinamiko eta parte-hartzailean emakumeen aurkako indarkeriari buruzko hausnarketa sustatuko da gazteen artean. 

“Brigada Callejera” Dokumentala eta Solasaldia
Azaroaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan, Kultur Elkartean, “Brigada Callejera: Chiapaseko sexu-langileen borroka” dokumentala eskainiko da, eta Euskal Herriko prostituzioaren errealitateari buruzko solasaldi bat egingo da Askabide elkartearen eskutik. Ekintza hau gaztelaniaz izango da, eta emakumeen eskubideen aldeko borrokari buruzko ikuspegia eskaintzeaz gain, solasaldirako eta elkartrukerako gune bat ere eskainiko du.

“Sustraietatik Eraldatuz” Dokumentala eta Solasaldia
Azaroaren 28an, arratsaldeko 18:00etan, Kultur Elkartean, Parean Elkarteak “Sustraietatik Eraldatuz” dokumentala aurkeztuko du, haur literaturak berdintasunaren alde duen papera aztertzen duen lana. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egongo da, haur eta familien artean berdintasunaren baloreak sustatzearen garrantzia ardatz hartuta.

Ekintza egitarau honekin, bide batez, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko konpromisoa berretsi du Debako Udalak. “Zoritxarrez, genero-indarkeriak eguneroko errealitate izaten jarraitzen du emakume askorentzat, eta Udaletik egunez egun lan egiten dugu emakumeentzat gizarte berdinzaleagoa eta seguruagoa eraikitzeko. Genero-indarkeriaren aurkako borroka, ordea, gizarte osoaren erronka da; horregatik, herritar guztiak gonbidatzen ditugu ekimen hauetan parte hartzera eta, guztion artean, berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko urratsak ematen jarraitzera”, amaitu dute Udaletik.