Badatoz Debako inauteriak!
2025ko otsailaren 19aOtsailaren 27an hasita martxoaren 4ra bitartean, jai koloretsuak ospatuko dira herrian, horretarako Udalak, adin guztietarako antolatutako ekintza egitarau anitz bezain zabalarekin; horien artean kalejirak, inauterietako desfilea, talent show-a edota jolasak izango dira herriko kaleak festa-giroz betetzeko. Era berean, martxoaren 1ean, larunbata, goizeko 12:30ean, mozorro-lehiaketa ospatuko da Foruen plazan, herritarren parte-hartzea eta jai-giroa sustatzeko.
Debako kaleak, aurten ere kolorez eta jai-giroz beteko dira Inauterien ospakizunarekin. Aurten otsailaren 27tik martxoaren 4ra bitartean izango dira jaiak, eta adin guztietarako ekintza egitarau zabala antolatu du Debako Udalak, herritar ororen gozamenerako.
Hala, hilaren 27an, osteguna, hasiko da festa udalerrian, arratsaldeko 17:00etan, Deba Musikaleko ikasle zein irakasleen eskutik. Hauek kalejira egingo dute herrian zehar, festa giroa herri osora zabalduz.
Otsailaren 28an, ostirala, Deba Musikaleko Banda Txikiak musikaz girotuko du herria arratsalde osoan zehar eta 18:00etatik aurrera, Kolore Anitzek haurrei zuzendutako inauterietako joko-saioa eskainiko du udaletxeko arkupeetan.
Martxoaren 1ean, larunbatean, Inauterietako egun nagusia ospatuko da. Goizeko 10:00etan, txistulariak kalerik kale ibiliko dira, festa-giroa zabaltzen, Deba Musikaleko dultzaineroz jarraituta, 10:30ean. 11:00etan, Foruen plazan, mozorro-lehiaketarako eta desfilerako izen-ematea irekiko da, eta 12:30ean, Agirre jauregitik irtengo da desfilea, Debako Musika Bandak girotuta. Arratsaldean, musika izango da protagonista nagusia Foruen Plazan: 17:30ean, Saioa eta Harkaitz trikitilariek animazio-saioa eskainiko dute, abesti ezagunak eskainiz, haur, gazte eta helduentzat (eguraldi txarra izanez gero, ekitaldia Aldats pilotalekura lekualdatuko da); horren ostean, 19:30ean, DEBRASS txarangaren txanda izango da eta 20:00etatik 20:30era etenaldia egingo du mozorro lehiaketako sariak banatzeko. Behin sari-banaketa amaituta, bere emanaldiarekin jarraituko du txarangak.
Eta inauteriei amaiera emateko, martxoaren 4an, asteartez, Talent Show bat antolatuko du Gaztelekuak. Ekitaldia 17:00etan izango da Aldats pilotalekuan.
Debako Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu antolatutako ekitaldietan parte hartzera eta Inauteriak elkarbizitza- eta jai-giroan, errespetuz, gozatzera.
Ikusi egitarau osoa hemen
Mozorro lehiaketa, martxoaren 1ean, Foruen plazan
Aurrez aipatu brzala, martxoaren 1ean mozorro-lehiaketa ospatuko da. Lehiaketa herritar orori zuzendua da eta banaka edo taldeka parte hartu ahal izango da.
Izen-ematea otsailaren 24tik 28ra egin ahal izango da Turismo Bulegoan (943 192 452 / turismoa@deba.eus) edota egunean bertan, 11:00-12:00 artean Foruen plazan. Egunean bertan, desfilea egingo dute 12:30ean, Agirre Jauregitik abiatuta, Foruen Plazaraino, Astillero kalea, Lersundi kalea, San Roke kalea, J.M. Ostolaza kalea, Plaza zaharra eta Itur kalea gurutzatuz. Amaieran, Foruen plazako eszenatokian argazkia atera beharko dute.
8 sari, adinaren arabera banatuta
Irabazleak epaimahaiaren eta herritarren botoen bidez hautatuko dira; azken hauek 14:00-15:00 artean bozkatu ahal izango dute udaletxeko arkupetan jarriko diren hautetsontzietan. 16 urtetik gorakoen sarietan 16 urtetik gorakoek bozkatu ahalko dute eta 16 urtetik beherako sarietan, aldiz, 16 urtetik beherakoek. Bi kasuetan, banakako nahiz taldekako mozorroak bozkatzeko aukera izango da. Sariak 20:00etan banatuko dira Foruen plazan, eta parte-hartzaile bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du.
Guztira zortzi sari izango dira, adinaren arabera banatuta:
16 urtetik gorakoentzat:
Taldekako mozorroak:
Epaimahaiaren saria: 300 euroko bonoa ALVAREZ tabernan gastatzeko
Herritarren saria: 300 euroko bonoa IZENBE tabernan gastatzeko
Banakako mozorroak
Epaimahaiaren saria: 150 euroko bonoa ZALBURDI tabernan gastatzeko
Herritarren saria: 150 euroko bonoa LOREA tabernan gastatzeko
16 urtetik beherakoak
Taldekako mozorroak:
Epaimahaiaren saria: 100 euroko bonoa LOREA tabernan gastatzeko
Herritarren saria: 100 euroko bonoa ZALBURDI tabernan gastatzeko
Banakako mozorroak
Epaimahaiaren saria: 50 euroko bonoa ZALBURDI tabernan gastatzeko
Herritarren saria: 50 euroko bonoa LOREA tabernan gastatzeko