Bueltan da Debaberri udal aldizkaria, itxura berrituta
2025ko otsailaren 11aDebako Udalak berriro heldu dio udal aldizkariari, irudi berri batekin eta eduki eguneratuekin. Aurrerantzean, argitalpena bi hilean behin egingo da, udal jarduna herritarrengana hurbiltzeko.
Gaurtik aurrera, debar guztiek euren postontzietan jasoko dute Debaberri udal aldizkariaren ale berria, itxura berrituta eta eduki zein formatu eguneratuarekin. Legegintzaldiko lehen alea da, eta 12 orrialdeen baitan udal kudeaketari eta interes orokorreko beste gai batzuei buruzko informazio garrantzitsua jasotzen du.
Lehen ale honetan, Debaberrik 2025eko udal aurrekontuaren azterketa zehatza jasotzen du, baita aurrekontu parte-hartzaileen edota Euskararen Plan Estrategikoaren aurkezpenari buruzko informazioa ere. Horrekin batera, aldizkariak albiste laburren atala eta alkatearen editoriala ere batzen ditu, non alkateak urte eta erdi honetako udal kudeaketaren lehen balantzea egiten duen.
Era berean, udalbatza osatzen duten alderdi guztiek beren iritzia emateko ohiko espazioa mantendu da, alderdi politiko guztien iritziari lekua ematen zaiela bermatzeko.
Aurrerantzean, aldizkaria bi hilean behin banatuko da, eta 8 orrialde izango ditu, herritarrei Udalak hainbat arlotan egiten duen lanari buruzko informazio zuzena eta hurbila emateko.