Debak 2025eko alokairurako laguntzen deialdia ireki du

2025ko martxoaren 13aDebak 2025eko alokairurako laguntzen deialdia ireki du

Oinarriek bizikidetza-unitatearen definizio zabala eta diru-sarrera haztatuen mugak mantentzen dituzte, pertsona gehiagok laguntzak eskuratu ahal izan ditzaten. Eskabideak apirilaren 10era bitarte aurkeztu ahal izango dira, Udalaren erregistroan edo haren egoitza elektronikoan.

Debako Udalak 2025eko alokairurako laguntzen deialdia ireki du. Eskabideak apirilaren 10era arte aurkeztu ahal izango dira, bai Udalaren erregistroan bai haren egoitza elektronikoan.

Laguntza hauek alokairuaren zama ekonomikoa arintzea dute helburu, betiere ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona eta familientzat. Aurten, aurrekontua 23.000 eurokoa da, eta gehienez 12 hilabeteko epean ohiko bizilekuko alokairuaren zati bat estaliko dute.

2025eko deialdiaren ezaugarriak

  • Bizikidetza-unitatearen definizio zabala mantendu da: honek barne hartzen ditu etxebizitza bat partekatzen duten pertsona guztiak, edozein delarik haien arteko lotura.

  • Diru-sarrera haztatuen muga: 30.000€ urtean norbanakoentzat eta 38.000€ urtean bizikidetza edo familia-unitateentzat.

  • Bateraezintasuna beste alokairu-laguntza batzuekin, salbuespenak salbuespen: gizarte-bazterkeriarako banakako laguntzak, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria, Gizarte Larrialdietarako Laguntza, Gaztelagun edo etxebizitzarako laguntza osagarria (Lanbide) jasotzen dutenak.

Onuradun kolektiboak eta betekizunak

Laguntzak Deban erroldatuta dauden pertsonei zuzenduta daude, zehazki ondorengo kolektiboei:

  • 18 eta 35 urte bitarteko gazteak.

  • 70 urtetik gorako pertsonak.

  • Mugikortasun urria duten pertsonak.

  • Banandu edo dibortziatutako pertsonak, epai irmoa dutenak.

  • Alargunak.

Gainera, Gizarte Zerbitzuek behar bezala justifikatutako kasuetan, etxebizitza tutelatu bat jasotzeko eskubidea duten pertsonek ere eskuratu ahal izango dituzte laguntzak, betiere Udalak baliabiderik ez badu egoera horri irtenbidea emateko.

Laguntzen zenbatekoa

Laguntzak ohiko bizilekuko alokairuaren zati bat estaliko dute, bizikidetza- edo familia-unitatearen urteko diru-sarreren arabera. Gehienez hileko 300 euroko laguntza emango da.

Laguntzak eskuratzeko, eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Deban erroldatuta egotea gutxienez bi urtez jarraian.

  • Jabetzan etxebizitzarik ez edukitzea, salbuespen jakin batzuekin.

  • Urteko diru-sarrerak 30.000 eurotik beherakoak izatea pertsona bakarrentzat, edo 38.000 eurotik beherakoak bizikidetza- edo familia-unitateentzat.

Eskabideak aurkezteko epea eta modua

Eskabideak apirilaren 10era bitarte aurkeztu ahal izango dira (egun hori barne), eta Udaletxeko erregistroan zein egoitza elektronikoan egin daitezke.

Laguntzak aurrekontua agortu arte emango dira, eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira.

Informazio gehiago edo eskabideak egiteko, oinarriak eta inprimakiak Debako Udalaren webgunean eskuragarri daude.