Debako Udalak nerabeentzako Gazteleku zerbitzuaren lizitazioa zabaldu du

2024ko ekainaren 19aDebako Udalak nerabeentzako Gazteleku zerbitzuaren lizitazioa zabaldu du

Besteak beste nerabeentzako arreta zuzen eta pertsonalizatua edota arrisku-egoeran edo babesgabetasun arinean dauden gazteei zuzendutako "Nerabide", gizarte eta hezkuntza-arloko esku-hartze programa jasotzen ditu Gaztelekuko zerbitzuaren esleipenak. Interesdunek uztailaren 3ra bitarte dute proposamenak Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez aurkezteko epea.

Debako Udalak herriko nerabeentzako Gazteleku zerbitzua kontratatzeko lizitazioa argitaratu du, gazte debarren garapen pertsonal eta sozialari lagunduko dion aisialdi eraikitzailea sustatzen jarraitzeko helburuarekin.

Hala, zerbitzuak 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako ingurune egokia eskaini nahi du. Horretarako, orientazio, laguntza eta aisialdi hezitzaileko jarduerak eta kalteberatasun-egoeran daudenentzako programa espezifikoak jasotzen ditu zerbitzuak.

Kontratua prozedura ireki baten bidez esleituko da, eta urtebeteko iraupena izango du, urtebete gehiago luzatzeko aukerarekin.

Zerbitzuaren ezaugarriak
Gazteleku zerbitzua nerabeei laguntza eta jarduera sorta zabala eskaintzeko diseinatuta dago. Gainera, "Nerabide" izeneko gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze programa ere jasotzen du, arrisku-egoeran edo babesgabetasun arinean dauden gazteei zuzendutakoa.

Hona hemen kontratuak jasotzen dituen ezaugarrietako batzuk:

1.      Zuzeneko arreta eta hezkuntza programak: Gaztelekuak zuzeneko arreta eskainiko die gazteei zabalik dagoen ordutegian zehar. Arreta horren baitan hezkuntza- eta aisialdi-jardueren programa bat sortu eta inplementatuko da, nerabeen gaitasun pertsonal eta sozialen garapena eta autoestimua sustatzeko. Jarduerak aldez aurretik antolatu beharko dira, baina aisialdi librerako momentuak ere jasoko dira.

2.      Esku hartze programa espezifikoak: Programa orokorraz gain, "Nerabide" izeneko gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze programa berezia garatuko da, gizarte-zailtasuna, babesgabetasun-arriskua edo babesgabetasun arina duten nerabeentzat. Programa hori Gaztelekuaren jarduera orokorretan txertatuko da, eta Udaleko gizarte-zerbitzuekin eta ikastetxeekin koordinatuko da, behar duten gazteak identifikatu eta artatzeko.

3.      Euskara eta Genero Berdintasuna sustatzea: Gazteleku zerbitzuak hezitzaileen eta erabiltzaileen arteko eguneroko komunikazioan eta jarduera guztietan euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa izango du. Gainera, hezkidetzaren eta genero-berdintasunaren printzipioetan oinarrituko da.

4.      Laguntza eta orientazio pertsonalizatua: Gaztelekuko hezitzaileek etengabeko orientazioa eta laguntza emango diete nerabeei.

5.      Partaidetza-metodologia: Metodologia parte-hartzaile bat erabiliko da, zerbitzuaren plangintzan eta ebaluazioan gazteen inplikazioa sustatzeko, haiei hitza eman eta beharrak une oro kontuan hartuko direla ziurtatzeko.

Zerbitzuaren ordutegiak eta egutegia
Zerbitzuak arreta zuzena eskaini beharko du irailetik uztailera bitartean, biak barne, eta itxita egongo da urteko astelehen guztietan, abuztuan eta Gabonetako jaiegunetan.
Zuzeneko arretako gutxieneko ordutegia honako hau izango da:

· Astearte, asteazken eta ostegunetan: 17:00etatik 19:00etara.

· Ostiral, larunbat eta igandeetan: 17:00etatik 20:30era.

Eskolako oporretan (Gabonak, Aste Santua, uda), eskaintza berezi bat antolatuko da eskola-egutegia kontuan hartuta. Zerbitzuaren egutegia eta ordutegia programa berezien edo jarduera zehatzen arabera alda daitezke, betiere Udalaren oniritziarekin.

Proposamenak aurkezteko epea
Interesdunek uztailaren 3ª bitarte dute proposamenak elektronikoki aurkezteko epea, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez.