Debako udaltzainek bulego berriak izango dituzte Simon Berasaluze plazan
2024ko urriaren 25aKokaleku berriari esker, Udaltzaingoak herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eta hurbilagoa eskainiko die. Berregokitze proiektu hau, 2023-2027 Legealdi Planean jasota, tokiko gobernuak zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa indartzen du.
Datorren astelehenean, urriaren 28an, emango die hasiera Debako Udalak Simon Berasaluze plazako 1. zenbakiko lokalaren egokitzapen lanei. Proiektu hau 2023-2027 Legealdi Planaren baitan jasotako proiektu estrategikoa da eta zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko helburuari erantzuten dio, Udaltzaingoan arreta berezia jarriz. Proiektuak 358.193 euroko lizitaziorako oinarrizko aurrekontua du.
Hala, birgaituko den lokalak 278,06 m²-ko azalera izango du eta lanen helburu nagusia da udaltzaingoaren gaitasun operatiboa areagotzea, herritarrei arreta hurbilagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko xedez. Esku-hartze honek, zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz gain, debarren beharrak modu arinagoan eta eraginkorragoan asetzea ere eragingo du.
Espazio berriaren ezaugarriak
Udaltzaingoaren bulego berriak 150,33 m² izango ditu eta espazio desberdinak jasoko ditu, hala nola, administrazio-eremua, herritarrak artatzeko gunea, bulego pribatuak, poliziaburuaren bulegoa, artxiboa, komun egokituak, atseden-jantokia eta aldagelak, armairuak eta materialen biltegia. Espazio antolaketa berri horrekin, eraginkortasunean irabazi nahi du Udalak, herritarrei eskaintzen zaien arreta eta zerbitzua ere eraginkorragoa izan dadin.
Era berean, kokapen berriak diseinu funtzionala eta irisgarria izango du herritar guztientzat.
Geoparkerako bulego berriak
Proiektu estrategiko honek, Udaltzaingoari ez ezik, Geoparkeari ere eragiten dio, kokapen berean 99,63 m²-ko lan-espazio berria izango baitu azken honek ere. Gaurkoan gaurkoz, Geoparkearen bulegoa Debako turismo bulegoan kokatzen da, baina esku-hartze honen ondoren, espazio handiagoa izatera pasako da, udaltzaingoaren bulegoen ondoan. Espazio honek bilera-gela bat, atsedenlekuak eta komun egokituak izango ditu, besteak beste.
Tokiko gobernu-taldearen hitzetan, "proiektu hau debarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duen udal-politikaren urrats bat gehiago da, eta zerbitzu publikoak instalazio egokietan eta azpiegitura moderno eta irisgarriekin eskaintzen direla bermatzen du. Simon Berasaluze plazako lokala berregokitzeak udal-ekipamenduak etengabe berritzeko Udalaren konpromisoa berresten du, 2023-2027 Legegintzaldiko Planaren helburu estrategikoekin lerrokatuta ".