EkainaK 28, LGTBI kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna

2024ko ekainaren 28aEkainaK 28, LGTBI kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna

Ekainaren 28an, LGTBI kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik, eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, kolektibo honen eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz. Egun hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogorarazteko ere bada.

Pertsona guztien berdintasunean aurrerapen ukaezinak egin diren arren, oraindik diskurtso LGTBIfobikoen albiste kezkagarriak sortzen dira, lortutako lorpenetan atzerakada bat dakartenak. Diskurtso horiek, askotan ezjakintasunak eta gorrotoak elikatzen dituztenak, lortutako aurrerapenak desagerraraztea eta diskriminazioa iraunaraztea bilatzen dute. Funtsezkoa da gizarte gisa erne eta tinko egotea eskuratutako eskubideen defentsan; hala, sexu- eta genero-aniztasunarekiko duintasuna eta errespetua kaltetzeko edozein ahalegin baztertuko dugu.

Sexu- eta genero-aniztasunaren ikusgarritasunak gizarte gisa aurrera egiteko aukera ematen digu. Aniztasun hori aitortzea eta ospatzea, justizia-ekintza izateaz gain, komunitate gisa aberasten gaituen aukera ere bada. Ez dugu inolako atzerapausorik onartuko kolektibo osoko ehunka lagunen ahaleginari esker lortutako eskubideetan. Irabazitako eskubide bakoitza gizarte bidezkoago eta gizatiarrago baterako urratsa da.

Badakigu sexu- eta genero-aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoa dela, neurri batean euskal gizarte osoaren elkarlanari esker. Lan hori funtsezkoa izan da armairurik gabe, loturarik gabe, aurreiritzirik gabe eta estigmarik gabe bizi ahal izateko, eta komunitatea eraikitzeko. Babes-keinu bakoitzak, ikusarazte-ekintza bakoitzak, mugimendu hori indartzen eta aurrera jarraitzeko gure erabakia berresten laguntzen du.

Horrenbestez, sentsibilizazio eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu leihoetatik eta balkoietatik kolore anitzeko banderak zintzilikatuz. Keinu txiki baina esanguratsu hori elkartasunaren eta babesaren erakusgarri da, eta agerian uzten du gaur aniztasunaren aldeko borroka eguna dela. Astintzen dagoen bandera bakoitza erresistentziaren eta itxaropenaren sinboloa da, atzera egiteko prest ez gaudela dioen adierazpena, hain zuzen.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu LGTBI eskubideen aldeko borroka guztion borroka dela. Ezin dugu onartu gorrotoa eta intolerantzia nagusitzea. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi ahal izango garen etorkizun baten alde lan eginez. Hau honela, ekainaren 28 honetan  LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak eta herritarrok aske izateko eta bizitzeko aldarria egin nahi du Debako Udalak eta horretarako jendarte justu, parekide eta eraikitzaileago bat bultzatzen jarraituko du.