Ekintzez josirik datoz aurten San Roke jaiak

2024ko abuztuaren 1aEkintzez josirik datoz aurten San Roke jaiak

Abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatuko dira herriko festak; aurten, Aitzuri abesbatzak emango die hasiera, txupinazoaren jaurtiketarekin. Programa osoa Debako Turismo Bulegoan dago eskuragarri, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara.

Gaur goizean aurkeztu die Debako Udalak herritarrei datozen San Roke jaietarako osatutako ekintza egitaraua. Abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatuko dira herriko festak eta ekintza eta ekitaldi andana antolatu ditu Udalak egun horietarako, haur, gazte zein helduen gozamenerako.

Abuztuaren 14an lehertuko da festa, arratsaldeko 18:00etan, txupinazoaren jaurtiketarekin. Aurten Aitzuri Abesbatzak botako du, bere 30. Urteurrenaren aitortza gisa.  Ondoren, Debako kaleak alaituz kalejira izango da musika bandarekin, txistulariekin, Lizarrako gaiteroekin, erraldoiekin eta buruhandiekin. Ozio-Bide taldeak antolatutako danborradarekin eta Mugi Panderoa taldeak Zumardiko karpan antolatutako lehen berbenarekin amaituko da jardunaldia.

Abuztuaren 15ean Umeen Eguna izango da, txikienentzako jarduera bereziekin. Eguna goizeko 9:00etan hasiko da eta gauak bitarte, ekintza desberdinak egingo dira: haurrentzako entzierroa eskulangintza azoka, haurrentzako jolasak, "Adabaki" ikuskizuna, dantzari, danbor jole, pandero-jole eta erraldoi txikien kalejira, emakumezkoen esku-pilota partida edota jaialdia plazan, danborrada eta playback ekintza. Eguna amaitzeko erromeria egingo da Plaza Zaharrean 20:00etan eta kontzertuak Alamedako karpan 23:00etan, Herdoil, Malakias eta DJ Kerko taldeak barne

Horrez gain, eguerdian, alkateak zapi gorria jarriko die udaletxeko osoko bilkuren aretoan 2023ko abuztuaren 1etik 2024ko uztailaren 31ra bitartean jaiotako umeei.

Abuztuaren 16an, San Roke Eguna, entzierroarekin hasiko da 8:00etan eta San Roke ermitaraino eta meza nagusiraino egingo den prozesioarekin jarraituko du festak. Arratsaldean, nobillada tradizionala ospatuko da, eta, ondoren, enbolatuak. Eguna amaitzeko, Pirotecnia Vulcano-k su artifizialen ikuskizuna eskainiko du hondartzan 23:30ean, eta Mariachi Real de Jalisco-ren emanaldia Alamedako karpan 00:00etan.

Abuztuaren 17an Mariñel Eguna izango da; entzierroa, koadrilen arteko jolasak eta gauerdiko Plaza Zaharreko Larrain Dantza herrikoia izango dira, besteak beste. Ondoren J Martina eta Duplaren kontzertuak izango dira Zumardiko karpan.

Jaiak abuztuaren 18an amaituko dira entzierroarekin eta azken nobilladarekin. Gainera, Salvador Martinez Lizarrako gaiteroari omenaldia egingo zaio, Berasaluze plazatik Plaza Zaharreraino abiatuko den kalejirarekin.

Programa osoa Debako Turismo Bulegoan dago eskuragarri, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara. Programa handiek euro bateko kostua dute eta doako esku-programa bat dute opari.

Errespetuan eta berditasunean oinarritutako jaiak

Debako Udalak lanean dihardu udalerrian indarkeria matxista desagerrarazteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko, egunerokoan zein jaietan. Bide horretan, Udalak jaiak berdintasunean eta errespetuan oinarrituta bizitzeko deia egiten du, egun horietan ere, emakume eta LGTBIQA+ kolektiboko pertsonen askatasuna eta debar ororen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.

Horrez gain, abuztuaren 15ean, ‘Sexu-bizi babesgunea’ zerbitzua ere eskainiko du gauez, 22:00-01:00 bitartean, Zumardian.

Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu egun hauetaz errespetuz eta harmoniaz gozatzera, herriko jaiak elkarrekin ospatuz.

Gora San Rokeak! Gora Deba!

Egitarau osoa hemen